Ostegun honetan, goizean, ETAk 2000. urteko otsailaren 22an hildako Fernando Buesa politikari sozialistaren eta Jorge Diez bizkartzainaren omenezko oroitarriari eraso egin zioten ezezagunek, plaka beltzez margotuta. EHUren Gasteizko Campusean kokatutako monolitoa berehala garbitu zuten udal langileek.
24 ordu igaro ez direnean, Zaramaga auzoko Santa Isabel hilerrian dagoen Buesaren hilobia ere beltzez margotuta eta gorozkiz zikinduta agertu da ostiral goizean.Ertzaintza bi gertakariak ikertzen ari da une honetan, erasoaren egileak aurkitzeko asmoz.
Gaitzespena
Bestalde, Gasteizko Udalaren premiazko bilera batean, PSE-EE, PP, EAJ eta Elkarrekin Podemos udal taldeek adierazpen bat adostu dute. Bi erasoak "irmo" gaitzesteaz gain, "elkartasun eta babes osoa" adierazi diete Buesa eta Diezen senideei. "Gertaera onartezin horiek agerian uzten dituzte biktimekiko sentsibilitate gabezia eta haien oroimenarekiko mespretxua", salatu dute. "Indarkeriari zilegitasuna kentzearen alde eta biktimen aitortza etiko eta sozialaren alde lanean jarraituko dugu".
Adierazpen bateratuarekin bat egin ez duen arren, EH Bilduk ere bere "gaitzespen irmoa" adierazi die erasoei. "Jarrera horiek erabat lekuz kanpo daude, sufrimenduan sakontzen dute eta gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzea zailtzen dute", kritikatu du Rocio Vitero zinegotzi eta bozeramaileak. Arnaldo Otegik ere "erabateko gaitzespen irmoa" adierazi du bere eta bere alderdiaren izenean.
Bere aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariak (EAJ) Eusko Legebiltzarrean adierazi du gertaera horiek "erabat deitoragarriak" direla eta "indarkeria politikoa aldarrikatzen duten talde txikien mugimenduak" direla. Idoia Mendia lehendakariordeak (PSE) "indarkeriaren deslegitimazioa hezkuntzara eta gizarte osora eramatearen garrantzia" azpimarratu du.