Mintzalaguna: zurekin euskaraz, nonahi eta noiznahi

Erredakzioa 2023ko irailaren 28a

Mintzalaguna egitasmoko ibilaldi bat. Argazkia: GEU Elkartea

Astean behin lagun artean ordubetez euskaraz aritu nahi duzu? Urriaren 2tik 31ra bitartean zabalik izango da Mintzapraktika dinamiketan parte hartzeko izen-ematea.

Asko dira euskaraz aritu nahi eta aukerarik ez dutenak, inguruan horretarako lagunik ez dutelako. Zenbaitek, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dute. Horiek guztiek Mintzapraktikan dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera. Lagunarteko bileren bitartez, programan izena ematen dutenek astero izango dute euskara praktikatu eta erabiltzeko aukera.

Euskara haria izanik, elkartasuna sustatzen duen proiektua da Mintzalaguna, eta aukera paregabea da, beraz, euskaraz gehiago aritu nahi dutenentzat; ez soilik euskara ikasten dabiltzanentzat, baizik eta euskaraz aritzeko arnasgune bat nahi duen ororentzat.

Mintzalagunak gutxienez astean behin elkartzen dira, ordubetez, adostutako leku zehatz batean, 8 eta 10 laguneko talde txikitan euskaraz aritzeko. Bertan, euskara maila ezberdineko pertsonak biltzen dira, eta talde bakoitzean Mintzalaguntzaile bat dago, hau da, euskaraz hitz egitera ohituta dagoen pertsona bat.

Gasteizko kasuan, hainbat auzotan daude Mintzapraktika taldeak, eta asteko egun guztietan biltzen da bat edo beste. Beraz, askotariko aukerak daude euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenentzat. Parte hartzeko bi baldintza baino ez dira bete behar: euskaraz komunikatzeko gaitasun minimoa izatea (B.2.1 maila, gutxi gora behera), eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Ekintza osagarriak

Asteroko ohiko solasaldi-bilerez gain, Gasteizko Mintzalagunentzako ekintza osagarri ugari antolatzen ditu GEU Elkarteak, hileroko programazio batekin: garagardo dastatzeak, solasaldiak, antzerkirako sarrerak deskontuarekin, zozketak eta abar. Taldekideak hobeto ezagutzeaz gain, hiriko beste euskaldunekin elkartzeko aukera paregabea da, jarduera berezi bat egiten den bitartean.

Oraingoz, urrirako hiru jarduera antolatu dituzte jada, guztiak doakoak edo prezio murriztuan. Beti ere aurretik izena ematea beharrezkoa da, www.geuelkartea.eus webgunearen bitartez:

  • Antzerkia: Familia Sarekada, urriaren 18an, 19:30ean Principal Antzokian.
  • Mintza-aurkezpena eta Kale-jira: urriaren 19an, 19:30ean Falerina Tabernan.
  • Bisita: Santa Isabel hilerria, urriaren 31n, 11:00etan.

Izen-ematea zabalik

Euskal Herri mailan Euskaltzaleen Topaguneak koordinatutako egitasmoan parte hartzeko hainbat aukera daude, ohiko mintzalagun taldeez gain, azken urteetan hainbat aldaera sortu dira, hurbileko zaletasun edo ezaugarrien arabera: Gurasolaguna, MintzalagunON, Mintzakuadrillak, mendi taldeak, hikalaguna edo euskalkilaguna, Mintzanet (online), mintzodromoak...

Mintzapraktikan hasi nahi izanez gero, zure hurbileko euskara elkartera jotzea duzu aukerarik onena. Arabaren kasuan, lau aukera nagusi daude:

  • Gasteiz: GEU Elkartea
  • Aiaraldea: Aiaraldea Ekintzen Faktoria
  • Arabako Errioxa: Ttiki-Ttaka Arabako Errioxako Euskaldunon Elkartea - Lapuebla de Labarca (ttikittaka@gmail.com edo 618 711 161)
  • Lautada: Olbea elkartea - Agurain (olbea.elkartea@gmail.com edo 605 290 951)

GEU Elkarteak antolatutako mintzapraktiken izen-ematea urriaren 2an irekiko da, eta galdetegia hilaren 31ra arte egongo da zabalik. Izena eman ondoren, 24 euroko kuota ordaindu beharko da; mintzalagun berriei aukeratutako eguna eta zonaldean bilduko den taldea proposatuko die GEUk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago