IKA euskaltegiak eta Eraman Kooperatibak elkarlan akordioa sinatu dute

Erredakzioa 2023ko irailaren 20a

Asteazken honetan sinatu dute akordioa, euskaltegiaren Gasteizko egoitzan. Argazkia: IKA

Euskara eta garraio jasangarria bultzatzeko asmoz sinatu dute akordioa, eta zerbitzuak emango dizkiote elkarri. IKA euskaltegia matrikulazio kanpaina betean dago, irailaren 29ra arte.

Asteazken honetan, akordio egonkorra sinatu dute Gasteizko IKA euskaltegiak eta Eraman Koop garraio kooperatibak. Hemendik aurrera, bi elkarteak elkarlanean arituko dira hirian euskararen erabilera eta garraio jasangarria sustatzeko asmoz, bai eta elkarri zerbitzuak emateko ere.

Alde batetik, euskaltegiak euskara eguneroko jardunean zabaltzen lagunduko dio garraio kooperatibari. Eramanek, berriz, laguntza logistikoa eskaintzeaz gain, IKAren irudia txertatuko du bere bizikleta eta garraio kutxetan.

"Balio asko elkarbanatzen genituela ikusita sortu zen elkarlanerako aukera hau", azaldu dute IKA eta Eraman Kooperatibako arduradunek. "Iruditzen zaigu garraiobide jasangarriak sustatzea eta bertako hizkuntza sustatzea elkarrekin lotuta daudela. Azkenean, gauzak egiteko modu hegemonikoen aurrean, aldarrikatzen dugu badagoela beste bide bat, bertakoa babesten duena, zailagoa akaso, baina guretzat ederragoa eta, denborak erakusten duenez, baliagarriagoa".

"Gehienok ez dakigu euskaraz", aitortu du Eramaneko kide batek. "Zortzi herrialdetatik etorritako pertsonek osatzen dugu kooperatiba, eta bost ama hizkuntza daude gurean. Beste banatzaile askorentzat bezala, oso zaila izan da guretzat euskara ikastea orain arte".

Kolaborazioan oinarritutako itunari esker, Eramanek, IKAren irudia Gasteiz osora zabaltzeaz gain, zerbitzu logistikoak eskainiko dizkio elkarteari; izan ere, janaria etxera eramateaz gain, beste bizi-logistika zerbitzu batzuk eskaintzen ditu ere. Trukean, euskaltegiak euskara eskolak eskainiko dizkie Eramaneko kideei. "Eraman euskara ikasteko eta erabiltzeko espazio bat izatea nahi dugu, eta bezeroek gure zerbitzuak euskaraz erabili ahal izatea", aldarrikatu du kooperatibako kideak.

IKAren matrikulazio kanpaina

Eraman Kooperatibarekin sinatutako akordioaz harago, une honetan matrikulazio kanpaina bete-betean dago Gasteizko IKA. Urtero bezala, eskaintza zabala dago eskuragarri: eguneroko ikastaroak, euskarari indartsu heltzeko; astean lau, hiru edo bi egunekoak, lasaixeago aritzeko; edota ordutegi finkorik gabeko autoikaskuntzako ikastaroak.

Irailaren 29ra arte dago matrikulatzeko aukera, eta informazio guztia gasteiz.ikaeuskaltegiak.eus webgunean topa daiteke.

Deskontu interesgarriak ere baditu bereizgarri aurtengo kanpainak. Adibidez, 16 eta 18 urte bitartekoek 20 euroren truke eman dezakete izena C1 mailako edozein ikastarotan. Helduagoek ere badute aukera Arabako Foru Aldundiak, Vital Fundazioak eta San Prudencio Fundazioak eskaintzen dituzten deskontuak jasotzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago