Vital Eguna 2023

Urriaren 7an Gasteizen izango dira Ayax & Prok

Erredakzioa 2023ko ira. 19a, 10:00
Granadako rap taldea, Malagan eskainitako kontzertu batean. Argazkia: AYAX Y PROK

Ayax & Prok rap bikote granadarrak doako kontzertua eskainiko du Gasteizko Foru Plazan, Vital Egunaren plater nagusi gisa, La Casqui eta Tatta, Mutiko & Densorekin batera. Gaueko martxa solidarioa eta street escape bat izango dira ere, besteak beste.

Iazko arrakastaren ondoren, urriaren 6an eta 7an ospatuko da aurtengo Vital Fundazioak antolatutako Vital Egunaren bosgarren edizioa, dibertimendu, elkartasun eta kirol proposamenekin. Aurten ere, musika izango da Vital Fundazioaren ospakizunaren ardatz nagusia, eta Natos & Waor rap talde madrildarrak baditu oinordekoak.

Ayax & Prok Granadako bikotearen rap soinuek Gasteizko Foru Plaza hartuko dute urriaren 7an, larunbatean, 22:30etik aurrera. Azken urteotan Espainiako Estatuan eta Latinoamerikan eragin handiena izan duten rap proposamenetako bat da, eta Vital Egunaren ekitaldi nagusia izango da beren kontzertua, gazte gehien erakarriko dituen ekitaldia baita.

Granadako Albaizin auzoan hazitakoak, txikitatik interes handia garatu zuten konposizio poetikoaren inguruan. Hori izan da beren artearen eta azken hamarkadan zehar sortu duten rap musikaren ernamuina. Elkarrekin zein bakarka, Ayaxek eta Prokek generoaren arrakasta ugari sortu dituzte, eta beren diskoek harrera bikaina izan dute publikoaren nahiz kritikaren aldetik.

Youtuben milioi bat harpidedun baino gehiago dituzte, eta beren bideoek 600 milioi erreprodukziotik gora dituzte. Bikotearen birek eta kontzertuek sold out kartela eskegi ohi dute. Eta Gasteizera iritsi aurretik, Areatza Sound, Viña Rock eta Cruïlla bezalako jaialdi handietatik igaro dira, besteak beste.

 

La Casqui eta Tatta, Mutiko & Denso

Giroa berotzeko, 22:30ean Grandako bikotea oholtzara igo aurretik, beste bi emanaldi izango dira. Musika eskaintza 19:30ean hasiko da, Marta Cascalesek garatutako La Casqui musika proiektuaren eskutik. Musikari gazte horren saioek cumbiatik reggaetonerainoko soinuetatik eramaten gaituzte, dancehall erritmoetatik igarota. Proposamen musikal urbanoa, dibertigarria eta adrenalina hutsezkoa.

Ondoren, 20:30ean, Tatta, Mutiko & Denso arituko dira. Debagoiena bailarako hiru euskal artista gazte dira, bakoitzak bere musika ibilbidea du eta etorkizun handiko proposamen bat sortzeko elkartu dira. Soinu urbanoak oinarri, Denso produkzioan aritzen da, eta Tatta eta Mutiko, berriz, ahotsetan.

 
Street escape jokoa

Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean zein arratsaldean, Vital Eguneko programazioan hobekien finkatutako jardueretako bat izango da: street escape jokoa. Oraingo honetan, beste garai bateko erailketa bat argitzea izango da helburua. Hilketa Erdi Aroko Merkatuan ekimenean, parte hartzaileek hirigune historikoko kaleetan gertatutakoa ikertu beharko dute, asmakizunez eta pisten bilaketaz betetako bidaia baten bidez.

Antzerki formatuko street escape horrek 500 plaza baino gehiago eskainiko ditu, sei partaide arteko taldeekin. Euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera izango da, eta izen-ematea (doakoa) www.vitaleguna.eus webgunean zabalik dago jada.

Rocka familian

Bestalde, I Love Rock and Roll ekimenak bira txiki bat egin eta doako hiru kontzertu eskainiko ditu Gasteizko Zabalgana auzoan, Amurrion eta Guardian:

  • Urriak 6, ostirala: 19:00etan Zabalganeko Bastida plazan
  • Urriak 7, larunbata: 12:30ean Amurrioko San Anton plazan
  • Urriak 7, larunbata: 18:30ean Guardiako frontoi zaharrean
Gaueko Martxa Solidarioa

Aurreko edizioetan bezala, Olarizuko parkean egingo da Gaueko Martxa Solidarioa, baina oraingoan ibilbidea estreinatuz. Zazpi kilometro inguru izango dira, 200 metro inguruko desnibelarekin. Irteera eta helmuga parkearen sarreran izango dira, formatu handiko letren ondoan.

Jarduera doakoa da, baina parte-hartzaile bakoitzeko Vital Fundazioak dohaintza bat egingo dio ASPANAFOA minbizia duten haurren gurasoen Arabako elkarteari. Izen-emateak www.vitaleguna.eus webgunean egin daitezke, eta nahi dutenek ekarpen ekonomikoa egin dezakete: ES44 2095 3174 5810 9007 6455 kontu zenbakian edo 01723 kodearekin Bizum bat eginez. Parte hartzaile guztiek haizearen kontrako jaka bana jasoko dute opari, eta ibilbidea amaitu ondoren salda eskainiko da Boilurren eskutik.

Vital Enpresa Lasterketa

Bi hamarkadaren ostean, enpresen lasterketa herrikoiak 900 parte-hartzaile lortu nahi ditu aurten. Jarrera osasungarria sustatzea du helburu, kirol espiritua eta lanekoa uztartuz. Bost kilometroko zirkuitua izango du, eta beren enpresak ordezkatzen dituzten bi, hiru edo lau pertsonako taldeek har dezakete parte. Larunbatean, urriaren 7an, 18:00etan izango da irteera, Andre Maria Zuriaren plazatik.

Izen-emateak urriaren 2ra arte daude zabalik www.carreradeempresas.com webgunean. Antolatzaileek dei egin diete enpresei talde inklusiboek ere parte har dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide