Itziar Ituñoren 'Bidaia', Gasteizko Antzerki Jaialdiko euskal lanen artean

Erredakzioa 2023ko ira. 18a, 19:31

Hika Teatroak 'Bidaia' aurkeztuko du. Argazkia: Ursula Maier/ Hika

Besteak beste, Teatro Paraiso, El Mono Habitado, Proyecto Larrua eta Iñaki Rikarteren lanak ikusi ahal izango dira Nazioarteko Antzerki Jaialdian.

Azaroaren 4an helduko da Principal antzokira Bidaia, Hika Teatroaren eskutik, Alemania eta Euskal Herriko diziplina anitzeko hamabi artista batzen dituen ikuskizuna. Agurtzane Intxaurraga zuzendari eta Itziar Ituño protagonista duen lana izango da Gasteizko 48. Nazioarteko Antzerki Jaialdiko harribitxietako bat, helduentzako euskarazko emanaldi bakarra, Vaiven Teatroaren Familia sarekada obrarekin batera.

Uztailaren 21ean aurkeztu zuten Bidaia Lauchheim hiriko Sclhoss Kapfenburg jaialdian, eta Gasteizkoa izango da Euskal Herriko estreinaldia. "Musika motorra izanik, bizitzaren bidaiaz hitz egiten du modu zabalean", azaldu du Intxaurraga zuzendari eta dramaturgoak astelehenean Principalen euskal sortzaileek egindako aurkezpenean. Maleta bat egin, eta leku batetik bestera joatean egiten den bidaia intimoaz ari dira obran. "Eta egungo Europaz ere hitz egiten du, harresiz eta mugaz betetako Europa honetaz; edo Ellen Mc Arthur edo Gilen Humboldt bezalako bidaiari handiez...".

Marcus Englert musikari alemaniarrak Itziar Ituño aktorea gonbidatu zuen 2021ean Bidaia izeneko kantua abestera, eta laster bat egin zuen basauriarrak proiektuarekin: "Laster sartu nintzen Marcusek daukan egia, gogo eta indar horretan, denok harrapatu gintuen, eta bertan gara dantzari. Maitemindu ninduen kanta hark", gogoratu du. Aktore eta kantari arituko da obran Ituño, besteak beste, Eneko Gil eta Noemi Viana dantzariekin, Allos Quartet, Jonas Schmid eta Ituño bera kide den Dangiliske taldearekin batera.  

Aurretik izango da Vaivenen Familia Sarekada, urriaren 18an, kutsu dramatikoa duen obra komikoa. Interneteko pribatutasunaren urraketa eta jazarpenenen garaian, intimitatearen inguruko gogoeta eramango du Principalera, Mikel Laskurain, Ainhoa Aierbe, Nerea Gorriti eta Xanti Korkostegi aktoreen eskutik.

'Supernormales'

Gasteizko jaialdia inauguratuko duten obren artean, La vida es sueño-rekin batera, Iñaki Rikarte gasteiztarrak zuzendutako Supernormales antzezlana izango da urriaren 7an eta 8an Principalen, Centro Dramatico Nacionalen eskutik, hain zuzen, aurtengo eszena zuzendaritza onenaren MAX saria jaso duen obra. Dibertsitate funtzionala duten pertsonen inguruan izaten diren aurreiritziak aurkeztuko dituzte taulan, eta horien aurrean jarriko du publikoa, jolas komiko batean.

El Mono Habitado konpainia arabarrak, bere aldetik, Guapa aurkeztuko du Federico Garcia Lorca antzokian. Ikusten ez den edertasunari buruzko ikuskizuna, pertsonei begiratu baina ikusten ez dituzten pertsonei buruzkoa, Raul Camino aktoreak azaldu duenez, Mary "munduko emakumerik itsusiena" esaten zioten emakumearen historia dakarrena. "Geruza ugari dituen lana da hau, eta beharbada guretzat egin dugun bereziena".

Euskal Herriko hamar konpainia izango dira antzerki jaialdian. Argazkia: Gasteizko Udala

45 urte bete dituen Teatro Paraiso konpainia gasteiztarrak ere bere lekua izango du aurtengo jaialdian, familia ikuskizunen artean, Kutxartean eta Lorategian obrekin. "Urte berezia da hau konpainiarentzat urtemuga honengatik, eta guretzat oso garrantzitsuak izan diren bi obra hauek berreskuratzea erabaki dugu; besteak beste, taldeak Alemanian egindako lanetik jasotako esperientziaz aberastuta", azaldu du taldeko buru Pilar Lopezek. 

OFF Lokal zikloaren barruan, Shot the target lana aurkeztuko du Proyecto Larruak, Aritz Lopez eta Jordi Vilaseca dantzariek osatutako taldeak. "Zortzi urte baino gehiago daramagu Gasteizen, eta pozgarria da guretzat berriz ere jaialdi honetan elkartzea". Oraindik jakinarazi ez duten espazio batean aurkeztuko dute obra, "betiere, dantza garaikidea herritarrei gerturatzea helburu, askotan dauden mugen gainetik".

Kuku Bazarreko Mary Zurbanok, bestalde, Pez de luz egitasmoa taularatuko du OFF Lokalen, "ama izateko nahiaren eta desioaren konplexutasunetik jaiotako obra, desio hori ulertzeko beharretik". Garai batean testu horrekin lan egin zuen Zurbanok, eta berreskuratu egin du jaialdirako.

Aurtengo nobedadeen artean, talde artistikoekin topaketak izango dira antzezpena bukatutakoan, Gasteizko Eszena Arte Tailerrak dinamizatuta; Supernormales, Ana contra la muerte eta Bidaia obren ostean izango da. 

31 ikuskizun

Nazioarteko Antzerki Jaialdiak tokiko sorkuntzaren aldeko "apustua" egin duela gogoratu du Sonia Corcuera kultura zinegotziak, "hurbil egon nahi dugu eta elkarrekin lan egin nahi dugu", baina bestelako konpainia ugari ere igaroko dira urriaren 5etik abenduaren 3ra bitartean. "Urte asko daramagu sortzaile batzuekin amesten, eta horiek ere Gasteizen izango dira: Gabriel Calderon, Mariano Pensotti, Cristiana Morganti edo Marina Otero". Horiekin batera, besteak beste, Vicky Luengo, Pablo Messiez, Sergio Peris-Mencheta edo Nuria Esperten lanez gozatu ahal izango da.

Hilaren 21ean hasiko da abonamenduen salmenta, 26 eta 27an abonamendu irekiena eta irailaren 28an ohiko sarrerena. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide