Aste honetan, Gasteizko Udalak aurkeztu ditu gazteentzako Gauekoak eta Xtraklub programen udazkenerako eta negurako aisialdi eskaintzak. Irailetik abendura bitartean, 54 jarduera eskainiko dituzte bi programen artean.
Bi programen aurkezpen prentsaurrekoan izan dira Gazteriaren zinegotzi Ana Lopez de Uralde, Gazteria Zerbitzuko teknikari Maite Huarte, eta Gauekoak programaren koordinatzaile Idoia Ruiz. "Jarduera hauekin, Gazteria Zerbitzuak gazteei lagundu nahi die eta haien lagun izan nahi du aisialdia sortzeko garaian, haien bizi kalitatea hobetuz eta gazteentzako aisialdi hezitzailea, ludikoa, sortzailea eta osasungarria sustatuz", azpimarratu du zinegotziak.
Gauekoak, gazteentzat
16 eta 30 urte bitarteko gazteentzako Gauekoak programaren barruan, aisialdi alternatiboa, osasungarria eta parte-hartzailea sustatzeko 22 jarduera eskainiko dituzte urte amaiera arte, hiriko zortzi elkarte, eragile eta proiekturekin elkarlanean; besteak beste, Soundviviendo, Piperbeltz eta Valinor elkarte kulturala. Jarduera guztiak doakoak eta berritzaileak izango dira, eta hainbat diziplina bilduko dituzte: musika, abentura, aisialdia...
Hirugarrenez, programa irisgarria eskainiko dute, jarduerak egin ahal izateko beharrezko laguntzarekin. Gainera, lehen aldiz, Instagram bidez hilero zozkatuko dituzte Gasteizen antolatutako kultur ekitaldietarako sarrerak.
Inaugurazio jardunaldia irailaren 23an, larunbatean, izango da, hiriko hainbat tokitan egingo den SoundV Microfest musika jaialdi parte-hartzailearekin. Twerk, afro, dancehall eta hip hop dantza tailerrak eta erakustaldiak izango dira, bai eta formatu txikiko kontzertuak ere, 17 abeslari gazteren partaidetzarekin.
Lehen jardueretan izena emateko epea irailaren 13an irekiko da, eta jarduera egin aurreko egunean itxi. Jarduera zein izen-emateen inguruko informazio guztia beheko txostenean eta Udalaren www.vitoria-gasteiz.org/gauekoak webgunean kontsulta daiteke.
DOSIERRA
Xtraklub, gaztetxoentzat
12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzako Xtraklub programa formatu berriarekin, jarduera berriekin eta izena emateko sistema berriarekin dator aurtengoan, 578 plazak modu bidezkoagoan banatzeko asmoz.
Abendura bitartean, 32 jarduera eskainiko ditu programa honek: besteak beste, kandela apaingarriak, munduko sukaldaritza, henna tatuajeak edota beldurrezko makillajea egiten ikasteko tailerrak, kantuarekin, hiri-dantzekin eta komikiekin lotutako ikastaroak, hiri irteerak, abentura txangoak eta bidaia kulturalak.
Irailean eta urrian egingo diren jardueretan izena emateko epea irailaren 13ko 08:30etan irekiko da, eta azaroa eta abendua bitartean egingo direnen kasuan, berriz, urriaren 20an hasiko da epea. Denboraldi bakoitzean, pertsona bakoitza gehienez ere lau jardueratan apuntatu ahal izango da.
Jardueren zein izen-emateen inguruko informazio guztia Xtraklub programaren webgunean dago eskuragarri. Atal guztietan, Xtra tailerretan izan ezik, 15 eta 18 urte arteko adin tarterako erreserbatutako jarduera bat egongo da.
DOSIERRA