Scratxe Gauak piztuko du Baratza Aretoaren denboraldia

Erredakzioa 2023ko ira. 6a, 12:01

Sei ikuskizun aurkeztuko dituzte Scratxe Gauean. Argazkiak: Baratza Aretoa

Irailaren 16an eta 17an, sortze prozesuan dauden bost lanen erakusketa eta Maria Stadloberren 'Wild 2.0' antzezlana eskainiko ditu Scratxe Gauaren 17. edizioak, Baratza Aretoan.

Baratza Aretoaren denboraldia irekiko du Scratxe Gauaren 17. edizioak, irailaren 16an eta 17an, larunbatean eta igandean, saio bikoitzarekin. Hausnarketa interesgarriak eta intimoak, hainbat formatutan gauzatuak: performancea, musika, dantza, antzerkia...

Lehenengo egunean, larunbatean, sortze prozesuan dauden bost lanen erakusketa ikusi ahal izango dira, 20:00etatik aurrera:

  • La Esther: Ane Gebara Gasteizko sortzaile eta ipuin kontalariaren lan biografikoa eta pertsona bakarrekoa. Gure arbasoekiko harremanari eta gorputzen eraldaketari buruzkoa. Euskaraz.
  • Bach desbariazioak, Jabon D'ior: Andrea Berboise eta Peru Galbeteren eskutik. Bakoitzak erritmo eta maiztasun propioa du, eta ahotsa eta bibolinarekin soinu esperimentazio bat partekatzen dute biek.
  • Mis alegrías: Lamajara flamenko dantza konpainia ospetsuko kide Daniel Rosadok sortutako pieza. Probokazio burutsuko ekintza bat da, itxuraz ikusezina, non porrotaren aukera beti presente dagoen.
  • Opera buffa: Ainhoa Alberdi eta Amaia Irazabal antzezle eta sortzaile gipuzkoarren proposamena. Euskara eta italiera nahasten ditu, opera bufoaren generoarekin jolasten duen bitartean.
  • Ese podría haber sido yo: Gabi Pedrosaren lana. Karaokearen kultura errealitate ekonomikoarekin, ikuskera maskulino post-kolonialarekin eta entretenimenduarekin nola lotzen den aztertzen duen opereta da.

Larunbateko Scratxe Gau luzearen ondoren, irailaren 17an, igandean, iaz aurkeztutako pieza baten estreinaldiaren txanda izango da: Maria Stadloberrek Wild 2.0 lana estreinatuko du, Scratxe Gauaren 16. edizioan jasotako egonaldiari esker. Ahotsean duen loveletterra da lana, keyboard bat eta mikrofono bat dituen esplorazio eszenikoa, argiaren eta iluntasunaren artean ibiltzen dena: "Zer gertatzen da ahotsa gorputz propio bihurtzen bada eta gainerakoak isilik geratzen badira?".

Sarrerak salgai

Scratxe Gauerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude www.salabaratza.com webgunean. Aldez aurreko prezioa 10 eurokoa da, eta leihatilan, berriz, 12 eurokoa. Larunbateko emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta igandekoa 19:00etan.

Hamalau urte, hamazazpi edizio

Arroxbola Sormen Kolektiboak eta Baratza Aretoak antolatutako Scratxe Gaua jaialdia 2009an jaio zen, eta indar eta gogo berdinekin iritsiko da 17. ediziora. Artistek zein publiko fidelak irrikaz espero duten gaua da, eta konpainiek, taldeek edo banakako artistek prozesuan dauden lan eszenikoak partekatzen dituzte. Helburua "ideiak probatzea, esperimentatzea eta ikusleen erreakzioa eta iritzia aztertzea" da, antolatzaileen hitzetan.

"Erakusketaren ondoren publikoarekin egiten den topaketan lortzen den feedbacka oso aberasgarria da beti bi aldeentzat, eta proiektuaren helburu garrantzitsua", azaldu dute Baratza Aretoko kideek. Jaialdia Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesarekin antolatzen dute.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide