Euskaltzale Independentisten Topaketak aurkeztuko dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 09:00

Euskaraz Bizi Eguna, joan den larunbatean Zarautzen. Argazkia: EHE

Urriaren 7an eta 8an euskaltzale eta independentisten topaleku izango da Billabona. Irailaren 14an Gasteizen aurkeztuko dute Euskal Herrian Euskarazek antolatutako ekimena, Hala Bedi Tabernan.

Urte politikoa hasi da jada, eta urriaren 7an eta 8an, asteburu osoan zehar, Euskal Herri osoko euskaltzale eta independentistek hitzordua izango dute Billabonan (Gipuzkoan), Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatu baititu Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak. "Euskararen Errepublika" eraiki nahi duten guztiak batzeko asmoz, formakuntzarako eta hausnarketarako bi eguneko elkargunea izango da, baita aisialdi eskaintzaz gozatzeko ere.

Euskal Herriko hainbat hizlari eta euskalgintzako zein beste mugimenduetako kideak izango dira, besteak beste. Eta jorratuko diren gaien artean daude, adibidez, euskararen aldeko mugimenduaren indarguneak eta euskararen aldeko borrokan ari diren beste eragileekiko lotura.

Ekimenaren lehen edizioa da —"garrantzi handikoa", antolatzaileen ustez—, eta aurrerantzean bi urtean behin antolatzeko asmoa dute. "Ezinbestekoa da euskara ardatz izango duen errepublika propioa eraikitzea", aldarrikatu dute.

Aurkezpena Gasteizen

Villabonako topaketetarako hilabete inguru falta da, eta orain egitasmoaren herriz herriko aurkezpenei ekin diete antolatzaileek. Gasteizko aurkezpena irailaren 14an izango da, ostegunean, 19:00etan Hala Bedi Tabernan. Bertan, EHEko kideek topaketen nondik norakoak azalduko dituzte, eta, ondoren, Pineapple Sweets kolektiboaren pintxada izango da.

KARTELA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide