55 urte baino gehiago badituzu eta natura maite baduzu, irailaren 1etik aurrera eman ahal izango duzu izena Paseoak naturan udazkeneko kanpainan. Mendira eta gure lurraldeko ingurune naturalera hurbiltzeko helburuarekin, hamar irteera antolatuko ditu Udal Kirol Zerbitzuak udazkenean zehar.
Irailaren 12tik urriaren 19ra bitartean, astearte eta ostegunetan egingo dira 5 eta 11 kilometro bitarteko eta 3 ordu inguruko ibilaldi zirkular edo linealak, Legution, Araian, Erroitegin, Nerbioi ibaiaren ur-jauzian, Opakuan, Antoñanan, Kuartangon, Barazarren, Kripanen eta Zalduondon.
Oro har, ibilbide errazak dira. "Irteerak 55 urtetik gorako pertsonek mendiaz eta gure inguruko paisaiez goza dezaten pentsatuta daude. Zailtasun mailaren arabera sailkatzen dira eta ostegunetako ibilbideak astearteetakoak baino sinpleagoak dira", azaldu du Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak.
Irteera bakoitzean gehienez 100 pertsonak eman ahal izango dute izena. Izen-emateak irailaren 1eko 08:30etik irteeraren bezperako 13:00ak arte egin ahal izango dira, gizarte etxeetan eta udalaren kirol instalazioetan. Udal kirol instalazioetako abonatuentzako prezioa 2,55 eurokoa izango da, eta abonatu gabekoentzat 4,05 eurokoa.
Kanpainak garraio zerbitzua ere izango du, geralekuak Iparralde eta Judimendiko gizarte etxeetan eta Gasteiz hiribideko 15. zenbakian (Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren parean) izanik. Abiatzeko ordua 08:30ean izango da, eta itzulera 14:00ak aldera.
55 urtetik gorakoei zuzendutako Paseoak naturan programak urteak daramatza udaberrian (maiatzean eta ekainean) eta udazkenean (irailean eta urrian) txangoak eskaintzen. Denboraldi bakoitzean hamar irteera antolatu ohi dira, eta aurtengo udaberrian asistentzia eskainitako plazen %94,30ekoa izan da; parte-hartzaileen %55,35 emakumeak izan ziren.
IRTEERAK
