2022ko urrian, auzoko jai herrikoiak berreskuratu eta antolatzeko bilera irekiak antolatzen hasi ziren Ariznabarrako gazteak. Orduz geroztik, askotariko ekimenak antolatu dituzte, Ariznabarra berpiztu lelopean: asanbladak, jaialdiak, monologoak, txapelketak, ardo dastaketak, herri bazkariak...
Azkenik, hainbat hilabeteko jarduera geldiezinaren ostean, iristear dira auzoko jaiak. Irailaren 8an, 9an eta 10ean, hiru eguneko egitaraua eskainiko du Ariznabarrako jai batzordeak, eta egunotan aurkeztu dituzte kartela eta programazioa. Txosnagunea Fontetxako Gazteluaren kaleko zelai beltzean izango da, Garoka tabernaren ondoan dauden futbol eta saskibaloi zelaietan.
Jaiak ostiralean hasiko dira, irailaren 8an. 11:00etan, mus txapelketa izango da Olympic tabernan. 16:00etan, txupinazoarekin eta jaien hasiera ekitaldiarekin batera, maskotaren aurkezpena egingo dute. Jarraian, 16:30ean, Intxixu folk taldea kalejiran abiatuko da Zadorra Garagardotegitik. 18:00etatik aurrera, berriz, musika nagusituko da txosnagunean, rap showcase ikuskizunarekin eta Igitaia, Engandina, Annekdotas eta Aiaraldeko Sound Sistemaren eskutik.
Larunbatean, irailaren 9an, egun osoko egitaraua izango da, 11:00etatik aurrera: puzgarriak, Los 4 Magníficos magia ikuskizuna, herri bazkari autogestionatua... Bazkalostean, bingoa, zunba eta dantzaldia. Eta iluntzean, 21:20etik aurrera, Paraside, Addar, Rosamari, FKN eta Santaklaux izango dira oholtza gainean.
Gau handiaren ostean, igandean, irailaren 10ean, 12:00etan herri kirolak izango dira, eta 14:30ean boletoen zozketa eta maskotari agurra.
EGITARAUA