Alaves 4 - 3 Sevilla

Giroa, jokoa eta golak

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 22a

Kike Garcia, taldeko azken fitxaketa izan zen protagonista. / Argazkia: ALAVES

Gasteiztarrek denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuten Sevillaren aurka joko ikusgarria erakutsiz.

Taldeak ondo ekin zion lehiari eta Luis Riojak areaz kanpo egindako jaurtiketa bati esker markagailuan aurrea hartze lortu zuen Alavesek, partida hasi eta minutu gutxira. Sevillak ordea baloiaren jabetza bere egin zuen eta denbora tarte laburrean partidari buelta ematea lortu zuen, Abqar atzelariak nahigabe bere atera bideratu zuen erremate bat lehenik, eta Lamelak ondoren jaurtiketa bortitz bati esker bat eta bikoa eskuratu zuen.

Aldageletatik bueltan, Alavesek beste tenore batekin ekin zion lehiari eta Kike Garcia aurrelariak minutu gutxian bi gol eder lortu zituen. Lehena, buruz Guridik orraztutako baloi bat jaso ostean, eta bigarrena Riojak emandako sakoneko pase bati esker, Dimitrovic atezaina maisuki gaindituz.

Garciaren estreineko partida izan zen atzokoa Mendizorrotzan, taldera iristen azkenetarikoa izanik, eta amestutako partida gozatzeko aukera izan zuen aurrelari beteranoak.

Alavesek garaipena poltsikoan zuela, Sevillak gol ikusgarria lortu zuen partidako azken minutuan, garaipena lausotzeko aukerarik izan gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago