Urruntze agindua urratu eta bikotekide ohiari eraso egin dio

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 8a

Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean izan da gertakaria.

Gizonezko bat atxilotu dute bart gauean Gasteizen, urruntze agindua urratu eta bikotekide ohiari eraso egin ostean; bikotekidea zihoan kotxearen kontra talka egin du eta leihatilan jo du, biktimari oihu eginez.

Gertakaria 04:00ak aldera izan da, istripu baten ondorioz patruila bat eskatu dutenean. Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean izan da; bertan, agenteek gertatutakoa argitu dute. Bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua duen gizon batek talka egin du bere kotxea bikotekidea zihoan beste baten kontra. Horren ostean, autotik jaitsi eta leihatilan jo du, bikotekideari oihuka. Agenteek, agindua indarrean dagoela egiaztatu ondoren, gizona atxilotu dute.

Lapurreta, indarrez

Beste alde batetik, 26 urteko gizonezko bat atxilotu dute astelehen gauean indarkeriaz egindako lapurreta batengatik. Gertakaria 23:00etan izan da, herritar batek bere bikotekide ohiak telefono mugikorra eta diru zorroa indarrez kendu dizkiola eta ihes egin duela salatu du. Emandako deskribapenari esker, patruila batek Frantzia kalean aurkitu eta atzeman du. Gertatutakoa argitu ondoren, atxilotu egin dute.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago