"Salbuespen egoerak" indarrean jarraitzen duela salatu du Sarek

Erredakzioa 2023ko abu. 6a, 12:56

Andre Maria Zuriaren plazan hasi da manifestazioa. Argazkia: F. Gonzalez

"Mendeku" neurriak salatu dituzte Gasteizko jaietan egindako manifestazio jendetsuan.

Euskal presoei ezarritako "errebantxa eta mendeku" neurrien amaiera galdegin dute Gasteizko jaietan Sarek deitutako manifestazioan. Joseba Azkarraga eta Blanca Martinez Sareko bozeramaileek azaldu dutenez, presoen eskubideen urraketak jarraitzen du, eta "konpromiso irmoa" eskatu diete eragile politiko, sindikal eta sozialei, "kartzeletan gaur egun ere pairatzen duten salbuespen egoera behingoz buka dadin".

Salatu dute Espetxeetako Tratamendu Batzordeek proposatutako eta Jaurlaritzak onartutako hirugarren gradurako progresioen "erdia baino gehiago" Fiskaltzak errekurritu egin dituela, eta neurri horiek eragiten zieten presoak "espetxera itzuli" direla. "Ez dago arrazoirik ETA desagertu eta urte batzuetara gure herrian ezer aldatu ez balitz bezala jokatzeko. Hainbat hamarkadatan askatasunik gabe egon ondoren, euskal presoek etxera itzultzeko bidea hastea eragozten ari dira".

Saretik gogoratu dutenez, eskaera guztiak bat datoz "espetxe-legedian adierazitakoarekin". "Ez gara pribilegioez ari, oinarrizko eskubideez eta giza eskubideez ari gara. Etxean nahi ditugu eta orain nahi ditugu. Etxera!".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago