Letren Fakultateko sarreran txosna bat jarri du Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak protesta modura, eta bertara eraman ditu hasiera batean Buruileria plazan antolatuta zituen ekitaldiak. "Honekin, bizi dugun egoera bidegabea salatu eta irtenbide bat beharrezkoa dela azaleratzea da gure asmoa", adierazi dute ohar batean.
Azken orduan jakinarazi zuen GKSk larunbat arratsaldean aldaketa izango zela, eta Alde Zaharreko plazan beharrean Unibertsitate campusean izango zirela antolatutako kontzertuak, txosnagunearen ondoan. Txosna Batzordeak "entzungor" egiten jarraitzen duela salatu dute, eta aldarrikapena bertara eraman: "Bi urte daramatzagu GKS eta Etxebizitza Sindikatutik Gasteizko jaietan txosna jartzeko eskubidea aldarrikatzen. Egoera hau konpontzera begirako gure borondatea argia izan da hasieratik. Hala ere, Txosna Batzordeak entzungor egiten jarraitzen du".
Hala, "euren lekua" aldarrikatzeko txosna bat jarri dute Letren Fakultateko sarreran, eta argi utzi nahi izan dute, gainera, txosnagunetik gertu izan arren, ez dutela bertako jarduna baldintzatzeko asmorik izan. Kontzertuak ere hara eraman dituzte; Gari, Idoia Asurmendi, J Martina, Skareggekasko, eta Maixa eta Malakias izan dira bertan. "Honekin guztiarekin, egungo egoera ezin dela luzatu adierazi nahi dugu. Eta egoerari irtenbidea emateko gure borondatea berresten dugu".
OHARRA |
— Gasteizko GKS (@GKS_Gasteiz) August 5, 2023
Txosna jarri dugu Letren Fakultateko sarreran gure lekua aldarrikatzeko pic.twitter.com/Nn3rRr9DDm