Egibideko boluntarioek birziklatzeak duen garrantziaz kanpaina egingo dute txupinazoan

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 3a

Egibideko boluntario taldea. Argazkia: Gasteizko Udala

Hamar tokitatik kontrolatuko dute sarbidea Andre Maria Zuriaren plazara beirazko ontzirik sar ez dadin.

Duela urte batzuk Andre Maria Zuriaren eremura beira sartzea debekatu zenetik egin izan den moduan, aurten ere Egibideko boluntarioen parte hartzea izango da. Soinean elastiko horiak daramatzaten 32 boluntariok udaltzainekin eta Gasteizko Udaleko langileekin batera egingo dute lan sartzeko dispositiboaren kontrol-lanetan eta jai-egun hauetan birziklapenaren eta edalontzi berrerabilgarria behar bezala erabiltzearen inguruko kanpaina egiten, Gasteizko jaietan ere birziklatu lelo.

Berritasun gisa, aurten ontziak biltzeko hondakinen 100 kubo txiki izango dira hiriko erdigune osoan zehar. "Horren bidez, jaietan sortu ohi diren ehunka ontzik lurrean eta, horrenbestez, Gardelegiko zabortegian amaitzea ekidin nahi da", azaldu dute Udaletik.

Gainera, Alde Zaharreko eta Zabalguneko hainbat tokitan Gasteizko enpresa batek sortutako produktua (CK Splash back) aplikatu dute bertan pixa egitea ekiditeko. Likidoak gainazalean sartzea ekiditen du, errazago garbitu eta likidoa kanporantz ateratzeko.

Abuztuaren 4tik 9ra, ohiko garbiketa intentsiboko lanak egingo dituzte eta Egunsentiko Arrosarioaren aurreko orduetan indartu egingo da garbiketa, baina baita azoka arabiarrean, aurkezpen-paseoan, musika-ekitaldietan, azoka eremuan, blusa eta nesken ibilaldien ostean, eta txosnen eremuan ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago