Iaz egin bezala, LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak salaketak egiteko telefono bat jarri du Gasteizko jaietan, 24 orduz aktibatuta izango dena: 633 309 653. Uda gertakari LGTBI+fobiko gehien ezagutzen diren urteko garaia dela gogoratu dute, eta "erne" egongo direla. "Jaia testuinguru erasokorra izan daiteke LGTBI+ pertsonontzat, alkoholak eta maskulinitate bortitzaren erreprodrukzio zein gorazarreak iseka, diskriminazio, irain edota eraso fisikoen jomuga bihurtzeko aukera sortzen baitute".
Gogoratu dute 2022ko jaietan bi gertakariren berri izan zutela. "Batetik, pertsona bat jazarria, bultzatua eta iraindua izan zen bere genero-adierazpen ez normatiboa dela eta, dantzatzen ari zen bitartean. Ondorioz, lekutik joan behar izan zuen. Bestetik, gay bati fisikoki eraso zioten hainbaten artean", azaldu du Ikusgunek ohar batean. Gainera, jai egun hauetan testuinguru sozial eta politikoa ezin daitekeela alboratu esan dute, eta gorroto diskurtsoen gorakada gogoratu: "Genero identitate eta adierazpen ez cisheterosexualak ukatzen eta barregarri uzten dira, LGTBI+ pertsonak zein eskubideak zalantzan jartzen ari dira eta gure bandera zein sinboloen aurka jotzen ari dira".
Hori dela eta, telefonoaz gainera, jaietan Ikusgune kaleetan egongo dela nabarmendu dute, eta hiriko hainbat gunetan informazio eta arreta guneak jarriko dituzte. Aurten, halaber, beste hainbat eragilerekin batera, Neska eta Blusen batzordearekin lankidetzan egon direla gogoratu dute, eta batzordeak bere ekitaldietan salaketa telefonoa zabalduko du. "Neska eta Blusen konpromiso honek Gasteizko hainbat eragileren konpromiso eta lana indartzen du, Ikusguneren ikuspegi komunitarioarekin bat eginez. Denon artean gorrotorik gabeko Gasteiz bat eraikitzen jarraituko dugu, jairik jai, auzoz auzo eta kalez kale".