Gasteizko Udalak jakitera eman duenez, bidegorrietako bidegurutze "zailak" aztertuko ditu margotu eta hala "ikusgarritasun eta segurtasun handiagoa" emateko. Espazio Publikoaren zinegotzi Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, hurrengo asteotan aztertuko dituzte bidegorriak beharrezko neurriak hartzeko. "Biribilguneetan, autobusak, tranbiak edo autoak inguratzen diren tokietan daude arriskutsuagoak izan daitezkeen bidegurutze horiek asfaltoarekiko ezberdina den beste kolore batekin margotuko dituzte".
Zinegotziak, gainera, duela hainbat urtetik hiriko bidegorriak gorri izan beharrean beltzak zergatik diren azaldu du. Erabaki hori Gasteizentzat mugikortasun jasangarriaren arloan erreferente diren hainbat hiritan aspalditik aplikatzen dutela esan du, "baina baita gure inguruan dauden beste hiri batzuetan ere: Donostian eta Iruñean, adibidez". Saileko arduradunak azaldu duenez, lehen arrazoia erabilerarekin lotuta dago. "Izan ere, asfalto gorriak okerrago funtzionatzen du; sakabanatu egiten da eta beltzak baino askoz ere errazago askatzen ditu harritxoak. Hori dela eta, arriskutsuagoak dira. Gainera, okerrago zahartzen da eta mantentzeak are handiagoa izan behar du". Materialaren kostua ere aipatu du. Izan ere, asfalto gorria beltza baino 2,5 aldiz garestiagoa da eta, ondorioz, lanen kostua nabarmen igotzen da. "Asfalto beltza erabiltzeak metro koadro kopurua handitzea eta bidegorrien sarea hiri osoan zehar eta denbora-tarte txikiagoan zabaltzen jarraitzea errazten digu".
Artolazabalek 2022arekin lotuta OCUk argitaratutako azken txostena ekarri du gogora. Txostenaren arabera, Gasteiz da bidegorri onena duen Estatuko hiria. "Bidegorri segurua garatzen jarraituko dugu. Abian eta dagoeneko lizitatuta dauden obrekin 200 kilometro baino gehiagoko sarea osatu eta aparkaleku seguruak handituko ditugu".