Urriaren 21ean Gasteizko kaleak betetzera deitu dute

Erredakzioa 2023ko abu. 2a, 07:30
'100 urte bakarrik ezin da' dinamika urriaren 21en amaituko dute jai handi batekin. Argazkia: Hala Bedi

Amaiera emango diote '100 urte bakarrik ezin da!' dinamikari Gasteizko Gaztetxeak, Hala Bedik, Errekaleorrek, Auzolanak eta Sumendik; egun osoko jai batekin ospatuko dute.

Aurten, Gasteizko herri mugimenduko bost kolektibo garrantzitsuk —Gasteizko Gaztetxeak, Hala Bedi irratiak, Errekaleor auzo libreak, Auzolana pilotalekuak eta Judimendiko Sumendik—100 urte baino gehiago betetzen dituzte Gasteizko kaleetan antolaturik, eta urriaren 21ean modu berezi batean ospatu nahi dute. "100 urte baino gehiago eraikitzen daramagun Gasteiz berriro aldarrikatu eta defendatuko dugu. Poliziarik, politikaririk eta apaizik gabeko Gasteiz libre eta tropikala eraikitzen jarraitu nahi dugu, espazio okupatu eta autogestionatuen alde, komunikabide libre eta herrikoien alde antolatuz eta gune hauek indartu eta babestuz", nabarmendu dute jaia aurkezteko zabaldutako ohar batean.

"Nork imajinatu dezake gaur egun Gasteiz Gaztetxerik gabe? edo Hala Bedi irrati librerik gabe? edo Euskal Herriko eta penintsulako auzo okupatu eta autogestionatu handienik gabe?", galdetu dute, eta horiek babestu eta defendatzen jarraitzeko, urriaren 21ean Gasteizko kaleak egun osoan zehar betetzera deitu dute: "Bizirik eta kaña ematen jarraitzeko gogoz jarraitzen dugula ospatzeko!".

Urriaren 21eko egun osoko jaian, besteak beste, Brass Band, Belen Nevado, Ginger, Edurne Azkarate, Nakar, artisau azoka, puzgarriak, Miren Narbaiza, Txan Magoa eta Albina Stardust izango direla iragarri dute. Baina aurrerapen txiki bat baino ez da, uda ostean jakinaraziko dute egitaraua osorik. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide