ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak...
Pako Eizagirreri ALEAn eginiko elkarrizketa gogora ekarri dugu; 1960-1970 hamarkadetan Peli Presa, Eusebio Osa, Gonzalo Fontaneda eta abarren inguruan nola sortu ziren lehen gau eskolak, Juan Bautista Gamiz taldea. Sasoi hori lau gonbidatuek urrundik entzunda dute. Arantxa Txapartegi Jauregi (Lazkao, 1967), Gasteiza ikastera etorri, eta Hegoalden hasi zen 1990ean irakasle. Rakel Larrazabal Olivares (Zeanuri, 1969), Gasteiza 12 urte zituela etorri zen, etxeko hizkuntza euskara zuen, gero Gasteizen erdaraz ikasi zuen eskolan; gaztetan, Euskal Filologia ikasi, eta Udaberrian irakasle hasi zen 1996an. Imanol Miranda Aranguren (Azpeitia, 1981), Gasteiza ikastera etorri eta geroztik, 2002tik, ari da IKAn. Aiala Zaldibar Alvarado (Gasteiz, 1986), 2013an, Korrikan hasi zen AEKn, eta gero irakasle; aita gau eskoletan euskaldundu zen.
Ikasle tipologia
Garai batean, atxikimendu handiagoa zegoela, eta gaur egun ikasteko "bulkada instrumentalagoa" dela, tituluari begira, esanez ekin dio Txapartegik. Baina non kokatu bi garai horien arteko muga? Zer garaitan zen erabat emozionala eta eta zer garaitan aldatu zen? Mirandak, 2002an hasi zenean, hainbat ikasle eta talde izan zituen oso profil ezberdinekoak. "Ikasle asko tiraka ibiltzen ziren ia egunero gaueko eskolak bukatu baino arinxeago poteren bat hartzeko, mintzari emanago zebiltzan...". Zaldibarrek, berriz, dio oraindik ere badagoela jendea euskaltegira euskara ezagutzeko hurbiltzen dena, "batez ere maila baxuetan, edo seme-alabak eskolan hasi direlako, edo integratzeko...". Txapartegik ere berretsi du hori; goizeko zortzietan duen funtzionario taldea eta hamarretan duen guraso taldearen artean alde handia ikusten du.
"Irakasleen lana ikasleek haien bizitza euskaraz egitea saiatzea da"
Aiala Zaldibar (AEK)
Azkenean, denak bat datoz esatean bi motibazioak –instrumentala eta emozionala– ez doazela beti bereizita: badira ikasleak biak dituztenak, titulua nahi bai, baina erabili ere bai. Bestalde, euskaltegitik ateratzean asko euskaraz aritzen dira euren artean, badira barnetegian elkar ezagutu eta noizean behin geratzen direnak, edo euskaltegikoak poteatzeko astean behin elkartzen direnak. Eta irakasleak ezkortasun horretan erortzeko arriskuez ohartarazi du Zaldibarrek; euren lana, titulu bat nahi edo ez, euskaltegira datozen ikasle guztiak benetan gero haien bizitzan, ahalik eta esparru gehienetan, euskaraz egin dezaten saiatzea dela gogoratuz.
Euskaltegiaren ingurua
Lazarrabal ados dago beren ikasleekiko lana saiatze horretan datzala, baina administrazioaren ardura ere gogorarazi du: "Ikasleek euskararen beharra lana aurkitzeko bai, baina baita aisialdirako eta euskaraz bizi ahal izateko ere balio beharko luke".
Horrez gain, Mirandak Kontseiluaren hausnarketa ekarri du hizpidera: ikasleak garapen pertsonala ikusi behar du, ikasi duen horrek balio diola, ez bakarrik lan bat lortzeko, egunerokorako ere bai. Ikusi behar du egin duen ahalegin horrek sari hori duela. Mirandak azken bi egunak pasatu ditu analisi bat egiten: Gasteizko Udalak pertsona helduentzat eskaintzen dituen ikastaro eta abarretan zenbat diren euskaraz. Bada, Gasteizko Udalaren aisialdi eskaintza horretatik %83 gaztelania hutsean da. Bere esanetan, oso larria da. "Guk nahi badugu ikasle horrek euskara ikasteko gogoa izatea, etorriko da baldin eta beharra badu. Zertarako ikasiko du euskara gero zunba ere gaztelaniaz bada?".
"Batek batek betearazi beharko luke euskararen legea"
Imanol Miranda (IKA)
Txapartegik bere esperientzia kontatu du. Irailean halako ikastaro batean izena eman zuen, Ritmos modernos, elebiduna zela zioen, baina lehen egunean irakaslea dena erdaraz esaten ari zen. "Elebiduna da, ezta?", galdetu zion berak. Irakasleak ez omen zekien ezer. Mirandak buruarekin berretsi du: lehengo analisiaren datuak are okerragoak dira "elebidun" horiek aintzat hartuz gero. Eta areago, batzuetan euskaraz dela dio eta erdaraz egiten dira, azpikontratatuak direla eta.
Isunak eta motibazioa
Euskararen legea dago EAEn, eta bete ezean? Miranda kexu da: "Baten batek betearazi beharko luke. Ez naiz ni isunka ibili zale, baina genero berdintasunean, urte luzetako borrokaren ondoren, gaur egun isunak ere badaude legeak urratzen dituenarentzat". Zaldibar ados dago, baina baina batekin. Agian etorriko da eguna isunak jarriko direna, baina sustapenerako diru publikoa erabiliz; sentsibilizazioa, kanpainak, erabilera... Batzuetan, sentsazioa du badatorrela itzuleran euskararekiko amorrua. "Beharrezkoa da legea betetzea, baina beste esku horri helduta". Larrazabalek azken aldiko auzietako bat ekarri du gogora, Ertzaintzan gertatu dena: "B2 maila behar duzula dio Euskararen legeak, baina gero epaitegira jotzen dute eta beste lege bati helduta Ez, ez da behar esaten dute". Bere ustez, horrek euskarari ez dio batere mesede egiten. Txapartegi ados dago: horrek urrundu egiten du jendea euskaratik.
Administrazioaren sustapen lanean, Mirandaren arabera, lanean euskara erabiltzeko dinamikak ere behar dira, daudenak baino gehiago. "Hemen %70ak dagoeneko lortu du titulua...", esaten diote Lakuara lanera doanean, baina han gaztelania besterik ez du entzuten. Zaldibarren arabera, titulu eskatze hutsak ez dio laguntzen erabilerari, eta kontrako efektua ere izan ahal du. Mirandak ere titulua eskatze hutsari gutxi deritzo: jarri adibidez oposizioetako azterketa euskaraz. Horrek berak eragiten du beste behar batzuk izatea. "Ikastera datorrenak ez du esango berak titulua bakarrik nahi duela". Lan zehatz horietarako probak eta azterketak jarri euskaraz, eta ez halako perfil bat izatea. Zergatik ez dute egiten? Ausardi politiko nahikorik ez, botoak galtzeko beldurra?
Euskararen doakotasuna
Denak bat datoz: non jaio edo bizi zaren arabera, aldea dago, gobernu ezberdinak, estatus legalak... Baina benetako doakotasunik inon ez. Laguntzen dutenean a posteriori laguntzen dute, beti ere, maila gainditzearekin eta baldintzaturik. Horrez gain euskaltegiek ez dute pandemia aurreko ikasle kopurua berreskuratu. Doakotasuna, beharbada, ez da nahikoa izango, baina oinarrizkoa da, ezinbestekoa. Bestalde, gaztelania dohainik ikasten duten milaka heldu daude Gasteizen, Lazarrazabalek dioen gisan: "Hori da doan, ez zuk lehenengo dirua aurreratu, eta gero agian itzuliko dizutela". Mirandak berretsi du: "Etorkinek ikusten dute inork baino argiago 'ni etorri naiz hona, eta bat musu-truk daukat eta bestea ez'". Zaldibarren ustez, horrek oso argi erakusten du administrazioarentzat zein den hizkuntza garrantzitsua, jakin beharrekoa. "Bestea, baldin badakizu ondo, puntuak emango dizkizu, baina benetan ez da oinarrizkoa".
Zertan egin da aurrera?
Txapartegik berriz ekarri du hizpidera solasaldi hastapeneko gaia: atzera atxikimenduan. Berriki ikasle joan zaion ertzain pare bat ekarri du adibide: D ereduan ikasitakoak, bikotekidea eta kuadrilla "euskaldunak", baina erdaraz egiten dutenak. Jende gazteak euskaraz ikasi bai, baina ez dutela erabiltzen dio, eta irakasleak motibazioan militanteak izan behar dutela %100. Mirandak, ildo horretatik segika, ikasleen tipologia aldaketa horrek irakasleegan ere inertzia bat eragiten duela dio, nekosoagoa egiten zaie esatea "benga, kanpoko ekintza bat egingo dugu...".
"Epaitegien ebazpenek urrundu egiten dute jendea euskaratik"
Arantxa Txapartegi (Hegoalde)
Baina aurrera egin diren arloak ere badaude, nahiko ados ageri dira laurak: ikasleen beharretara egokitzeko gaitasuna, ikastaro bereziak, esparru teknologikoa, baita irakasleen lan-baldintzak ere, ez bakarrik ekonomikoak, formazioa ere bai. Eta nabarmentzen dute lortu duten hitzarmena: oraindik prozesuan dauden arren, asko hurbildu dira udal euskaltegietako langileen baldintzetara, prekaritate handi batetik iritsita gainera –sasoi batean kontraturik gabe ere jardunda, irakasle batzuek jubilatzean, bizitza osoa euskaltegian eman eta gero, ez daukate urte kopuru nahikorik kotizaturik–.
Azkenik, beren lana baloratzean ere, izan beharko lukeen horretara oraindik iritsi ez badira ere, aurrera egin da. Gaur gaurkoz, instituzioek euskaltegiei oraindik ez diete merezitako aitortzarik egin, eta horren erakusgarri da gizartean oraindik zein betaurrekorekin begiratzen zaien. Azkenik, aldarrikatu dute lan baldintzak ezin direla egon lurraldez lurraldeko koiuntura politikoaren mende.
Euskalduntzea
Zaldibarrek bota du lehen definizioa. Bere ustez, euskara erosotasunez erabili ahal izatea da, pertsona bakoitzaren arabera ez du zertan berdina izan; batek maila handiago beharko du, beste batek maila baxuagoa izanda ere erabiliko du eta "euskalduna" izango da. Mirandak horri gizartearen parametroa erantsi dio: "Euskaradun gizartean integratzea, euskaradunok ezagutzen dugun mundu bat euskara ez dakien horri agertzea, kultura, alegia". Larrazabalek bota du galdera airera: "Nik ere integratzea esango nuke; euskaraz euskaldundu diogu eta gaztelaniaz nola litzateke hitza? Etorkinek gaztelania helburu horrekin ikasten dute, gaztelaniadun gizartean integratzeko, bada euskaraz berdin beharko luke izan". Txapartegik osatu du: "Euskalduna bere egunerokoak egiteko gai dena da, gertatzen dena da hizkuntza ez normalizatua baldin bada, Gasteizen bezala, mundu guztiak ezin duela lortu. Euskal unibertso hori ezagutzea da euskalduntzea, euskara ikasten ez duenak ez du ezagutzen euskal kultura, abeslariak, bertsolaritza... Euskara ikasi ezean hori galtzen duzu, eta euskara ikasi eta euskaldun egiten bazara, hori irabazi".
"Ematen du euskaraz aritzeko perfekzioa eskatzen dela"
Rakel Larrazabak (Udaberria)
Eta zer sentitzen da zuk euskalduntzen lagundu duzun batekin gerora topatzean? Denek dauzkate gogoan halako bat edo beste. Txapartegik aspaldiko ikasle bat, noizean behin euskaraz idatzitako aforismoak eta errelatoak zuzentzera joaten zaiona. Miranda, duela hilabete, hamabost urte lehenago izandako euskara taldekoekin topatu zen tabernan. "Zuek ez zarete ba urtero geratuko?" galdetu zien, eta baietz:"Ez dakit negar egin nuen, baina emozionatu bai". Larrazabal egun horretan bertan topatu zen B1 mailako ikasle ohi batekin, hark esan zion umeak dituela eta haiekin euskaraz aritzen dela. Zaldibarrek gogoan ditu maila baxuetan hasi eta gaur egun egunerokoan euskaraz bizi diren ikasleak, baita bere aita ere: "Nik etxean euskara jaso badut, aitak heldutan euskalduntzea erabaki zuelako izan da".
Juan Bautista Gamiz eta Kai Nakai
Hizpidera ekarri dugu Kai Nakaik kantatzen dituen Gamizen bertsoak: Erdaraz ez duzu nahi ene bihotza, euskeraz egiten ez dut nik lotsa. Larrazabalek segituan ekarri du: "Ematen du euskaraz perfekzioa eskatzen dela". Zaldibarrek Arabara ekarri du: "Gasteiztarrok pairatu behar izan dugu euskalkirik ez izatearen zama hori. Oraindik ere gertatzen zaigu edonora joan eta ostra, gasteiztarra eta euskaraz! Pentsatu nahi dut, oro har, euskaldun garenok eskertzen dugula norbait euskaraz entzuten ahalegintzean, batzuk haren akatsengatik kexu badira ere".
Mirandak uste du ikasleek jasotzen duten ideia dela idatzizkoa eta ahozkoa plano berean daudela, eta hor ez dela asmatu: "Ikasleak ezin dio bere buruari exijitu idatzizkoaren maila ahozkoan. Ahozkoa definizioz akastuna da". Bestalde, irakasleek zuzentasunaren radarra deformazio profesionalagatik piztuegi badute ere, beste alderdi batzuetan aitzindariak izan omen dira euskaltegiak: zuzentasunaren kaiolatik irten eta hizkuntz eraginkorrari, egokiari, beste parametro batzuei garrantzia ematen. Larrazabal, Txapartegi eta Zaldibarren arabera, zuzentasunari dagokionez, ez dira onargarriak kartel ofizialak gaizki egotea edo arduradun politikoek zuzen eta egoki ez hitz egitea.