Bi milioi bisitari izan ditu katedral zaharrak

Erredakzioa 2023ko uztailaren 31

Esmeralda Motos eta Alba Picazo ama-alabak, Santa Maria katedralean. Argazkia: AFA

Albaceteko Esmeralda Motos eta Alba Picazorekin heldu dira bisitari kopuru horretara.

2000. urtean 'Obretan eta irekita' programa abian jarri zutenetik, bi milioi bisitari izan ditu Gasteizko Santa Maria katedralak. Joan den ostiralean heldu zen marka horretara Albaceteko (Espainia) Esmeralda Motos bisitariarekin. 

Alba Picazo alabarekin batera heldu zen Motos, katedral zaharreko eta dorreko bisitaldi gidatua egiteko asmoarekin. "Urteak neramatzan etorri nahian, eta hara! Merezi izan dute egindako 600 kilometroek!". Gasteizen girotutako Eva Garcia Saenz de Urturiren eleberrien irakurle amorratua dela adierazi du, eta horrek bultzatuta etorri dela katedralera ere.

2000. urtean proiektua martxan jarri zenetik, jendearen interes izugarria sumatu ahal izan dutela azaldu dute Santa Maria Fundaziotik. "Obretan bisitak baimentzeko erabakia, ziurrenik jende askori arriskutsua eta interes gutxikoa iruditu zitzaiona, Gasteizko mugarri handienetakoa izan da, eta hala erakusten dute bi milioi bisitariek", gogorarazi dute. Bisitari kopuruaren inpaktua are handiagoa da, kontuan hartzen bada bisita gidatuen programaren bidez soilik lortu dela –museoek eta interpretazio zentroek eskaintzen dituzten bisita libreen aurrean– eta obraren beharretara egokitzen joan dela. Une honetan, "zatitutako katedralaren" sekzio guztiak ia erabat ikusteko aukera ematen du programak, eta datozen hilabeteetan estalkipearen eremua gehituko zaio, dorrearen barruan plataforma edo balkoi bat instalatuz.

Hasi berri den nabe nagusiaren estalkiaren berriztapenarekin lotutako plataforma hori gehituta, katedralaren eta kriptaren zoru azpiko indusketa arkeologikoan hasten den eta balkoi berri horretan amaituko den ibilbide arkitektoniko osoa egin ahal izango da. Ibilbide horrek dorrearen nabeak, ataria eta barruko solairuak hartuko ditu.

Gainera, azaldu dutenez, Santa Maria Katedrala Fundazioak kultura-jardueren eskaintza hobetzeko eta handitzeko hainbat proiektu ditu martxan, jarduketak eginez Santa Maria elizpean –argiztapena eta espazioaren itxitura hobetzea– eta Aiztogile kaleko alboko eraikinetan. Leku horretan 103. zenbakia birgaitu berri dute hitzaldiak, topaketak edo haurrentzako tailerrak egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago