'Lanbroa' film laburrak irabazi du Korterrazako lehen saria

Erredakzioa 2023ko uztailaren 24a

Korterraza jaialdiaren aurtengo edizioko hainbat irudi. Argazkiak: Kultura Kalean Elkartea

Korterraza jaialdiak 9.000 ikuslerekin itxi du aurtengo edizioa. 'Lanbroa' eta 'Ayúdame' film laburrek lortu dituzte sari nagusiak, eta 'Tu tijera en mi oreja' eta 'Actos por partes' lanek komedia onenaren saria eta publikoaren saria irabazi dituzte, hurrenez hurren.

Hiru eguneko film laburren eta kontzertuen egitarauari amaiera eman zion larunbatean Korterraza Gasteiz jaialdiaren XIV. edizioak. Ostegunetik larunbatera, uztailaren 20tik 22ra, 9.000 pertsona inguru hurbildu dira Artium Museoaren kanpoko plazara, film laburren hiru saioekin eta sei kontzertuekin gozatzeko.

"Kulturaren festa handia izan da", ospatu du Xabi Vitoria Kultura Kalean! elkarte antolatzaileko kidea. "Jende asko etorri da, giroa oso ona izan da eta ikusleek film laburren saio interesgarri eta entretenigarriekin eta kontzertu handiekin gozatu dute. Oso pozik gaude guztia nola joan den ikusita eta jendeak kultura bezain beharrezkoa den zerbaitez gozatu duelako".

Egun bakoitzean bi kontzertu izan dira, The Soulbreaker Company, Rufus T. Firefly, Kamikaze Helmets, MFC Chicken, Memphis eta Sex Museum taldeen eskutik. Eta egunero, 22:00etatik aurrera, zinemaren txanda izan da. Guztira, 35 film labur proiektatu dituzte aurtengo edizioan.

Larunbateko film laburren saioaren ostean, aurtengo edizioko saridunak ezagutarazi zituzten amaiera ekitaldian, Gorka Aguinagalde aktore arabarrak gidatutako sari banaketan. Gurutze Beitia eta Susana Soleto aktoreek eta Aitor Lopez de Aberasturi zuzendariak osatuko dute aurtengo epaimahaia:

  • Alex Angulo eta Keler Sariak, Sail Ofizialeko film labur onenak:
    • Lanbroa, Aitzol Saratxaga
    • Ayúdame, Cristian Beteta

  • Publikoaren Laboral Kutxa Saria:
    • Actos por partes, Sergio Milan

  • Eleyco Taldea Saria komedia onenari:
    • Tu tijera en mi oreja, Carlos Ruano

  • Bertako Igogailuak - Euskara Saria euskarazko film labur onenari:
    • Lanbroa, Aitzol Saratxaga

Korterraza gehiago

Gasteizko hiru eguneko hitzordu nagusiaz gain, Korterraza Araba zinemaldi ibiltariak guztira 49 proiekzio antolatuko ditu Arabako 42 herritan, sarrera libre eta doakoarekin: ekainaren 24ko asteburuan, Artziniega eta Ekora izan ziren lehenengo geltokiak, eta, ondoren, irailaren 9ra bitartean Aramaio, Langarika, Erentxun, Urbisu, Burgu, Maeztu, Murgia, Narbaxa, Durruma, Etura, Gebara, Legutio, Okondo, Loza, Urizaharra, Gesaltza Añana, Dulantzi, Bernedo, Berantevilla, Ozio, Zabalate, Bastida, Agurain, Araia, Amurrio, Komunioi, Larrazubi, Estavillo, Laudio, Uribarri Ganboa, Dura, Zurbao, Antoñana, Boveda, Korro, Izarra, Llanteno eta Ondategitik igaroko da jaialdia. Dagoeneko horietako hogei bat proiekzio egin dituzte.

2022an, 12.000 arabar inguru hurbildu ziren Kultura Kalean elkarteak antolatutako jarduerez gozatzera. Kontsultatu aurtengo egitarau osoa hemen.

Horrez gain, abuztuaren 24an, 21:15ean, gai sozialeko obrak ardatz dituen Korterraza Sensibiliza emanaldiaren txanda izango da, Artiumen. Eta abuztuaren 31n, berriz, Korterraza Txikirena, Zumaia plazan, 19:30etik aurrera; azken hitzordu horretan haurrak izango dira protagonistak, film laburren zein proiekzioaren aurretik egingo den ipuin kontalarien saioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago