1999. urteaz geroztik, Gasteizko Udalean oposizioko taldeak izan ohi dira batzordeetako buru. Batzorde horiek ez dira gobernu-organoak, baizik eta, batez ere, udal gobernuaren zein legegintzaldiaren jarraipena egiteko markoak. Hortaz, oposizioaren esku gelditu ohi dira, idatzi gabeko tradizio demokratiko gisa... gaur arte.
Izan ere, ostiral honetan, batzordeak eratu eta horiek zuzentzeaz arduratuko direnak izendatu dituzte. EH Bilduk eta PPk bi udal taldeen artean banatu dituzte batzordeen presidentetzak, PSE eta EAJren abstentzioarekin eta Elkarrekin udal taldearen aldeko botoekin: horietako sei EH Bilduren esku gelditu dira, eta beste bost PPren esku; oraingoan, Elkarrekin taldeak ez du presidentetzarik hartu, bi zinegotzi izanda kide nahikorik ez zuela iritzita.
Dena normaltasun osoz joan da, eguerdian EAJk, Beatriz Artolazabalek eta Grupo Noticias taldeak polemika piztu duten arte, EH Bildu eta PPren arteko ustezko itun bati buruz hitz egiten.
"Politikan denak ez du balio"
16:15ean, PPk ohar bat helarazi die hedabideei, "egitateen desitxuratzea" salatuz eta iragarriz batzordeetako buru izateari uko egingo diola, "PSOEk eta EAJk zuzendu ditzaten". Hauteskunde kanpaina betean, popularrek ukatu dute EH Bildurekin akordiorik dagoenik.
"Ez dago akordiorik, itunik edo aliantzarik Bildurekin Gasteizko Udaleko batzordeen buru izateko. Hauteskunde kanpainaren azken egunean oso urduri dauden EAJren eta PSOEren trikimailu bat besterik ez da, egia ez den zerbait ikusarazten saiatzeko", azaldu du Ainhoa Domaika Gasteizko PPko bozeramaileak.
"Gogorarazi nahi dugu Alderdi Popularraren botoak izan direla Bilduk Gasteizen gobernatzea eragotzi dutenak, eta PSOE eta EAJ PPren sei zinegotzien botoei esker dira udal gobernua Gasteizen. Tamalgarria da EAJ eta PSOE noraino irits daitezkeen. Politikan denak ez du balio", gaineratu du Domaikak.
Batzordeen banaketa
Hemendik aurrera gertatuko denaren zain, Gasteizko Udalak berak goizean jakinarazi du legegintzaldi honetan hamaika informazio-batzorde egongo direla, eta haietako bakoitza hamabost kidek osatuko dutela: EH Bildu (4), PSE-EE (3), PP (3), EAJ (3) eta Elkarrekin (2).
Honako hauek ziren —PPren azken iragarpena iritsi arte— batzordeak zuzenduko zituzten zinegotziak:
- Ogasuneko Batzordea: Xabier Ruiz de Larramendi (EH Bildu)
- Giza Baliabideen Batzordea: Amancay Villalba (EH Bildu)
- Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren, eta Sozietate publikoen Batzordea: Aitor Gonzalez (PP)
- Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Etxebizitzaren Batzordea: Iñaki Garcia Calvo (PP)
- Espazio Publikoaren, Auzoen, Mugikortasunaren eta Trafikoaren Batzordea: Blanca Lacunza (PP)
- Garbiketaren eta Ingurumenaren Batzordea: Aitziber Salazar (EH Bildu)
- Gizarte Politiken eta Gazteriaren eta Elkarbizitzaren Batzordea: Maider Uriarte (EH Bildu)
- Segurtasunaren, Gobernu Irekiaren eta Administrazioaren Modernizazioaren Batzordea: Marta Alaña (PP)
- Euskararen, Kulturaren, Hezkuntzaren, eta Kirolaren, Osasunaren eta Lankidetzaren Batzordea: Alberto Porras (EH Bildu)
- Kontuen Batzorde Berezia: Xabier Ruiz de Larramendi (EH Bildu)
- Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Berezia: Alfredo Iturritxa (PP)