Belatxikia, babesleku bila

Anakoz Amenabar 2023ko uzt. 23a, 10:00

Azken hamarkadetan nabarmen egin du behera belatxiki kopuruak. Argazkia: Txepetxa elkartea.

Gasteizen dago Euskal Autonomia Erkidegoko azkeneko belatxiki taldea, Aranzadi zientzia elkarteak egindako atlas ornitologikoaren arabera. Espeziea babesteko neurriak eskatu dituzte Txepetxa elkartetik.

Garai batean ohikoak ziren Arabako herrietan mendebaldeko belatxikiak (Coloeus monedula), baina azken hamarkadetan  beherakada nabarmena izan du espezieak, eta hiriburuko eraikinetako zenbait teilape eta arrakalatan baino ez dira gordetzen. Horien kontaketa egin du Txepetxa hegaztien eraztunketarako elkarteak, lehendabiziko aldiz, eta desagertzeko arriskuan den txoria zaintzeko beharrezko neurriak galdegin ditu. Gasteiz du aterpetxe bakarra erkidegoan, eta hori babesteko eskatu dute.

Beleekin nahas badaitezke ere, tamaina txikiagoa dute belatxikiek, eta kolorean ere antzeman daiteke aldea. "Uso  baten tamainakoak izan daitezke, eta ez dira beltzak; buruaren atzealdea eta lepoa hauts kolorekoa dute, eta begiaren irisa urdina", azaldu du Txepetxa elkarteko kide Azaitz Unanuek. Habia eraikinen arteko arrakaletan, harkaitz artean eta zuhaitz-zuloetan egin ohi dute, eta oso taldekoiak dira. Hala, kumaldia amaitzen dutenean, taldera bueltatzen dira eta fenomeno berezi bat sortzen dute: lotarako lekuetan kontzentratzen dira neguan, eta, besteak beste, Gasteizko Teodoro Dublang kale inguruko zuhaitzetan aurkitu dute talde osoa. "2021ean 70 bat txori zenbatu genituen han, eta hori izango da ziurrenik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako populazio osoa, Gasteiztik kanpo ez baitu inon kumatzen". 

Apirila bukaeran hasi zuten azkeneko kontaketa eta berriki amaitu dute. Uztailerako kumeek hegan egin dute, eta amaitu dute, beraz, jarraipena. Gasteizko zonalde guztietako datuak bilduta, Aranzadik ezarritako kategorien arabera sailkatu, eta horiek aztertzeko unea da orain. Taldekideek jasotakoa eta ornitho.eus moduko plataforma digitaletan bildu dituztenekin kontrastatu eta txostena prestatuko dute udalarentzat, "hartu beharreko neurriak har ditzan".

Belatxikiak hauts koloreko lumak ditu lepoan eta buruaren atzealdean. Argazkia: Txepetxa

"Babes bereziko katalogazio bat behar du, kudeaketa planak abiarazteko"

Azaitz Unanue, Txepetxa elkartea

Espero zuten moduan, belatxiki gehienak Gasteizko Alde Zaharrean aurkitu dituzte, eraikin zaharren artean gordeta, baina izan dute sorpresarik ere. Zabalgana auzoan hiru kabi topatu dituzte, eraikin berrietan, eta azken momentuan Salburuko eguzki panel batzuen atzean ere beste habi posible bat. "Zenbaketa honetan herritarren parte hartzea eskatu genuen, kaletik ikusten ez diren txokoetara heltzeko batik bat, eta horiei esker egin dugu lana; Luis Dorao ikastetxean, esaterako, hiru kabi zeuden, oso kuriosoa", azaldu du Unanuek.

Hogei kabi baino gehiago identifikatu zituzten hasieran, baina gutxiagotan izan da kumatze arrakastatsua, besteak beste, eraikinean arazoak izan direlako, helduetako bat hil  edo janari falta zutelako.

Hain justu, horiek dira espeziea arriskuan jarri duten arrazoi nagusiak, Txepetxa elkarteko adituak gogoratu moduan; batetik, habiak egiteko leku egokiak ez aurkitzea edo horietan arazoak izatea, eta, bestetik, elikagai gutxiago izatea. "Europa osoan  gertatzen ari da nekazal inguruneei lotutako hegaztien gainbehera, nekazaritzaren intentsifikazioari eta industrializazioari lotuta, elikagai gutxiago eta pozoi gehiago dutelako. Horrek hegazti asko kaltetzen ditu".      

"Babesa"

Behin egoera ezagututa, espezie honi "babes bereziko katalogazio bat" eman behar zaiola uste du Unanuek. "Ez dakit galtzeko zorian dagoen hegaztiarena edo zaurgarria den espezie batena, baina horietako bat, modu honetara kudeaketa planak egin ahal izateko". Hiriari dagokionean, gainera, bere ustez arreta jarri beharko litzateke eraikinak birgaitzerako orduan eta obrak egiterako orduan; baldin eta zuloak itxi behar badira, horientzat beharrezko alternatibak emanez.

Zenbaketa eginik, laster emisore batzuk jarriko dizkiete pare bat belatxikiri, nondik nora mugitzen diren ikusi, negua non igarotzen duten jarraitu, eta informazio guztiarekin kontserbazio neurriak jartzen hasteko. "Eta, adi. Gasteizko armarrian bi korbido ageri dira, belatxikiak datu guztien arabera, beraz, beharbada badugu ardura historiko bat ere, kar-kar".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago