Aztarna Beltza, hiru eguneko festa hiriaren bihotzean

Erredakzioa 2023ko uzt. 20a, 13:00
Koko Jean & The Tonics, Arima Soul, Kloy MC eta Mindre Folklore. ALEA

Uztailaren 28tik 30era, musika beltzak hartuko ditu Falerina Lorategia eta Martin Ttipia plaza, Dr. Risi, Kloy MC, Father Alien, Vic Mirallas, A Trio Called Quest, Mindre Folklore, Nena y los Broncos, Koko Jean & The Tonics, Erregeak, Parrucho eta Arima Soulekin.

Badator Aztarna Beltza Festival jaialdiaren V. edizioa. 2019an jaio zen, musika beltza eta soinu afroamerikarrak Gasteizen duen arrastoa nabarmentzeko asmoarekin, baita horiek zabaltzen jarraitzeko ere.

Jaialdi berezi honek argitasun gutxiko espazio batean jarri nahi du arreta: underground musika beltzean, alegia. "Eszena bat non edukiak izenak baino garrantzi handiagoa duen; musika estiloa baino gehiago. Seguru asko beste kanal batzuetatik entzun ohi dituzun taldeak baino gehiago gustatuko zaizu. Kalitate ukaezina duten taldeak dira, jaialdi masiboetan protagonista ez direnak, baina edozein karteletan lider izan daitezkeenak", aldarrikatu dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioa uztailaren 28tik 30era bitartean, ostiraletik igandera, egingo da, Martin Ttipia plazan eta Falerina Lorategian, eta kartela Stax soul zigilu klasikoari omenaldia da. Jaialdirako sarrera librea izango da. Lehen mailako taldeak eta binilo selektoreak izango dira jaialdian, eta askotariko soinuak entzungo dira: soula, funka, jazza, reggaea, gospela, bluesa edota rhythm'n'bluesa... eta kontzertu guztiak Kloy MCk aurkeztuko ditu. Baina, nortzuk arituko dira oholtza gainean zein plateren atzean?

Ostirala

Lehenengo egunean, uztailaren 28an, Dr. Risi selektorearen northern soul, rhythm'n'blues eta revival mod biniloek irekiko dute jaialdia, 17:00etatik aurrera Martin Ttipia plazan. 20:00etan, berriz, Kloy MC raperoa eta Father Alien taldea batera izango dira Falerinako agertokian.

Larunbata

Hilaren 29an, larunbatean, 11:00etan hasiko da jaialdia, haurrentzako Madlab tailerrarekin, Martin Ttipia plazan; plastikoak birziklatzeko lantegia eta jolasak uztartuko dituzte. 13:00etan, Vic Mirallasen txanda izango da, Bartzelonatik hip hop, jazz, rhythm'n'blues eta pop soinuak Falerinara ekarriko dituena; 14:30ean A Trio Called Quest taldea igoko da Martin Ttipiako oholtzara, jazz eta hip hop soinuak uztartuz; 16:00etan, Mindre Folklore selektoreak girotuko du bazkalondoa plazan bertan, 60. hamarkadako rock erritmo dantzagarrienekin.

18:00etatik aurrera, Nena & The Broncos talde gasteiztarraren kontzertua izango da Falerinan, soul, rock eta rhythm'n'blues soinuekin; eta 20:00etatik aurrera, leku berean, Koko Jean & The Tonics soul talde leherkorrarekin gozatu ahal izango da.

Igandea

Azken eguneko egitaraua goizago amaituko da, baina oholtza gainean entzungo diren soinuak ere lehen mailakoak izango dira. Igandeko egitarau osoa Martin Ttipia plazan izango da: 11:00etan, Arantza Cordero ipuin kontalariak abiaraziko du martxa, Adhara y el secreto de la luz familiako narrazio antzeztuarekin; 13:00etan, Erregeak reggae taldeak girotuko du igande eguerdia; 14:30ean, Parrucho selektorea arituko da bere binilo onenak biratzen.

Eta, azkenik, 18:00etatik aurrera, Arima Soul talde handiak izango du jaialdia goi-goian ixteko ardura; neo soul musik, rhythm'n'blues, soul, funk, 60. eta 70. hamarkadetako jazz-groove estiloen eraginpean, eta euskaraz.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide