Algoritmoak, gosea eta migranteak, kazetaritza jardunaldietan solasgai

Erredakzioa 2023ko uztailaren 20a

Argazkia: Anna Surinyach

Lys Arango, Remedios Zafra, Ura Iturralde eta Agus Morales izango dira hizlari, besteak beste, 'Kazetaritza, bertatik bertara' saioetan.

Gaurkotasuneko gaiak sakontasun handiagoaren lantzeko garaia izaten da uda, eta horretan arituko dira, hain zuzen, aurten ere Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldietan. Abuztuaren 28tik irailaren 1era, kazetariek eta adituek egungo gaiak azaleratuko dituzte Gasteizen, herritarrei irekitako eztabaidarako eta hausnarketarako guneetan. 

Arretagune nagusia azken hilabeteotan nazioarteko arreta erakarri duten gatazkak izango dira: Errusia-Ukraina gerra, AEB-Txina arteko norgehiagoka komertziala eta teknologikoa, adimen artifiziala, Israel-Palestina gatazka edo migrazio-krisiak, besteak beste. Hitzaldi eta mahai-inguruetan, izen handiko kazetariek hartuko dute parte: bi errealitateak, bertakoa eta kanpokoa, ondo ezagutzen dituzten korrespontsalek, berriemaile bereziek, fotokazetariek eta atzerriko eta estatuko komunikabideetako berriemaileek. Aurten, era horretako informazioa ematen esperientzia handia duten kazetariak eta fotokazetariak izango dira: Lys Arango, Daniel Landa, Jesus A. Nuñez Villaverde, Ura Iturralde, Sara Gomez Armas, Mikel Mancisidor, Javi Julio, Agus Morales eta Remedios Zafra.

Pelikulak eta solasaldiak

Hitzaldiak eta mahai-inguruak 12:00etan eta 19:00etan izango dira Europa biltzar jauregian eta sarrera librea izango da, tokia bete arte. Egun bakoitzaren amaieran, 21:30ean, egunean zehar landutako edukiekin lotutako filmen ziklo bat egingo dute. Emanaldi horiek Florida zinemetan egingo dituzte, eta sarrerak 3 euro balioko du.

Aurreko edizioan gehitutako berritasunarekin jarraituta, irailaren 1ean, ostiralean, Play Gasteizekin elkarlanean, proiekzioa aire zabalera, Aihotz plazara, aterako da. Bertan, David Fincher-ek zuzendutako La red social filma eskainiko dute eta Mark Zuckerberg eta iraultza eragin zuen Facebook sare soziala izango dira protagonistak.

Gainera, Parisen bizi den Lys Arango kazetari eta argazkilariaren argazki-erakusketa ere ikusgai izango dugu: Hambre. Frantziako Kultura Ministerioak finantzatu eta Bibliotheque Nationale de France liburutegiak zuzendutako Frantziaren erradioskopia: osasun-krisiak zeharkatutako herrialdearen inguruko begiradak izeneko enkargu nazional handi baten baitan sortutako argazki-bilduma da. Gasteizera iritsiko den erakusketak argitaratu gabeko 12 argazki izango ditu eta Gasteiz Hiribidean egongo da ikusgai, Europa biltzar jauregiaren alboan, abuztuaren 11tik irailaren 3ra.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago