Uztailaren 13an 26 urte bete ziren 1997. urtean ETAk Miguel Angel Blanco PPren Ermuko zinegotzia hil zuenetik. Urteurrenaren harira, Gasteizko Udalak omenaldia eta lore-eskaintza antolatu du astearte honetan, Forondako Atean kokatutako Agustin Ibarrolaren oroitarrian. Ekitaldian, besteak beste, Maider Etxebarria alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia eta Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea izan dira, baita udaleko alderdi politiko guztietako, Arabako erakundeetako eta Coviteko (Terrorismoaren Biktimen Kolektiboa) ordezkariak ere.
Etxebarriak "biktimekiko errespetua eta enpatia" eskatu ditu, eta "memoria gorrotoaren aurkako antidoto" gisa aldarrikatu du. "Gogorra da mina berriro bizitzea, nahiz eta batzuetan beharrezkoa izan atzera begiratzea, ahanzturari aurre egiteko eta etorkizunera begiratzeko. Horixe egiten dugu urtero omenaldi honekin", adierazi du.
"Jasandako sufrimenduari buruz gogoeta" egitera gonbidatzearekin batera, alkateak aldarrikatu du "indarkeria terrorista demokraten batasunarekin garaitu zela", eta "etorkizunera begiratzea" eskatu du, "biktimen memoria bizirik mantentzeko eta egiaren, duintasunaren eta justiziaren eskubidea bermatzeko".