Auzoan bizi, auzoan erosi: euskaraz!

Erredakzioa 2023ko uztailaren 18a

Uztailaren hasieran margotu zuten horma-irudia. Argazkia: SARBURU K.E.

Salburuko bizilagun eta merkatariek horma-irudi bat inauguratu dute, auzoko denda txikien garrantzia aldarrikatzeko eta bertan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko.

Auzoan bizi, auzoan erosi: euskaraz! lelopean, joan den ostegunean inauguratu zuten murala, Salburua Bulebarraren 29. zenbakian, Mamut tabernaren parean. Horma-irudian Kantauri Arrandegia agertzen da; asmatutako saltokia da, baina informazio guztia euskaraz eskaintzen du. Sarburu Kultur Elkarteak, auzoko bizilagun eta merkatariekin batera, bi helburu nagusiekin egin du ekintza: alde batetik, auzoko denden eta zerbitzu txikien garrantzia aldarrikatzea; eta bestetik, auzoko dendetan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea.

Baina horma-irudia uztailaren hasieran agertu zen pareta horretan. Ojodekuervo kale artista gasteiztarrak egin zuen, euskararen aldeko elkartearen eskariz. Eta azken asteetan zer zen eta nork egin ote zuen asmatu ezinik ibili dira auzokide asko.

Tokiko merkataritza eta euskara

Orain, artelanaren egiletza argituta, dinamika zabaltzeko lanari ekin diote, 2020an abiatutako kanpainaren hirugarren edizioarekin.

Horma-irudiaren bidez, Salburua auzoko bizilagunak animatu nahi dituzte auzoko harategietan, zapata dendetan, fruta dendetan, arropa dendetan eta abarretan erostera. "Zergatik? Hasteko, kalitatezko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dizkigutelako. Gertuko tratua eskaintzen digutelako eta, merkataritza zentro handien aldeko politikak eta online erosketak nagusi diren garaiotan, komertzio txikiak eta gertukoak behar-beharrezkoak ditugulako gure auzoa eta gure kaleak biziarazteko", aldarrikatu dute.

Halaber, dendariak zein zerbitzu txikien jabeak animatu nahi dituzte haien lokaletan euskararen aldeko urratsak ematera. "Salburua auzo gaztea da, eta bizilagun askok eta askok euskaraz dakigu, zer esanik ez ume eta nerabeei erreparatzen badiegu", azaldu dute Sarburuko kideek.

"Bizilagunon erdiak baino gehiagok euskara ulertzen dugu, ziurrenik Gasteizko auzorik euskaldunenetakoa den honetan. Horregatik, euskarari bultzada ematen laguntzeko prest gaudela adierazi nahi dugu, itzulpenak egiten edo behar duten aholkularitza ematen. Euskarari merezi duen lekua eman nahi diogu gertuko merkataritzan, merkatarien eta euskara elkartearen elkarlana sustatuz".

Euskara sustatzeko neurriak

Auzoko bizilagun eta merkatariei elkarlanerako dei egiteaz gain, administrazioari ere "gertuko merkataritzaren aldeko eta euskara sustatzeko neurri eraginkorrak" har ditzala eskatu diote: "Eta ez ongi geratzeko neurri kosmetikoak bakarrik. Gertuko merkataritza ez da apaingarri bat, euskara ez da bigarren mailako hizkuntza exotikoa".

"Ea gutxi barru horma-irudian irudikatu dugun arrandegia gure auzoan benetan ikusteko aukera dugun. Auzo biziagoa dugunaren seinale izango da, beharrezko denda eta zerbitzu ugari dituena eta euskara kontuan hartzen duena", aldarrikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago