1,8 milioi euroko kalteak eragin ditu txingorrak Gasteizko Udalaren instalazioetan

Erredakzioa 2023ko uzt. 14a, 13:46
200 langile ari dira egunero lanean txingorrak utzitako kalteei aurre egiten. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Maider Etxebarria alkateak baieztatu duenez, Gasteizek hondamen-eremuaren aitorpena eskatuko du.

Gasteizko Udalak eginiko kalkuluen arabera, 1,8 milioi euroko kalteak eragin ditu uztailaren 6ko txingorrak. Udalaren ehun eraikin eta instalazio ingurutan izandako kalteak zenbatu dituzte; ez dute jaso zuhaitzek eta kaleko hainbat argik jasandako kaltea. Maider Etxebarria alkateak azaldu duenez, zenbaketa baliagarria izango da Gasteizek babes zibileko larrialdiaren eragina jasandako eremuaren deklarazioa eska dezan, baina "zaila" izango da Gobernuak erreklamazio hori onartzea "aurrekariak kontuan hartzen baditugu".

Prentsaren aurrean eskaini dituen azalpenetan Etxebarriak esan duenez, aurreko asteko euriteak eta harri-erauntsiak kalte handiak eragin zituen hiriburuan, eraikinetan eta ibilgailuetan, eta uholdeak eta ur-putzu handiak sortu zituen. Ordutik, udaleko 200 langile baino gehiago ari dira egunero lanean ondorioei aurre egiteko eta normaltasuna berreskuratzeko. Hala, oinezkoentzako bideak egokitu, zerbitzu publiko nagusietarako sarbideak garbitu eta landare-hondar handiak kendu behar izan dituzte. "Kale batzuk oraindik ez daude gustatuko litzaigukeen moduan, hosto eta landarez betetako poltsak pilatuta daudelako. Baina joango gara horiek kentzen. Oro har, dispositiboak behar bezala funtzionatu du eta aktibo jarraituko du".

Udal eraikinei dagokionez, kalteak gizarte-etxe, adinekoen zentro, hezkuntza-zentro, jauregi edota kiroldegietan zian direla azaldu du. Horiek guztiak konponduko dituztela agindu du, "eta lehentasuna izango dute erabiltzaileen profila edo eskaintzen duten zerbitzua dela eta garrantzi berezia dutenek". Eraikinetako kalteez gain, berdegune handietan eta hiriko zuhaitz askotan ere kalte nabarmenak izan dira. Hala, astelehenean hasi ziren kaltetutako 1.500 eta 2.000 landare artean berriz jartzen

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide