GKSren Udako Jaialdia, larunbatean Lakua auzoan

Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 12:43

Jaialdia aurkezteko agerraldia, ekainean. Argazkia: @GKS_Gasteiz

Larunbat honetan, uztailaren 8an, Gasteizko Lakua auzoan Udako Jaialdia antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak. Egun osoko egitarauaren barruan, kirola, bazkaria eta Siroko, Alejo MC eta Kalipotxo taldeen kontzertuak izango dira.

10:00etan hasiko da programazioa, Lakuako gizarte etxean antolatutako 3x3 saskibaloi txapelketarekin. 11:00etatik aurrera, jai gunearen irekiera izango da, Galeon taberna aurreko plazan: besteak beste, aurpegi margoketa, truke azoka eta giro musikatua eskainiko dituzte bertan.

Eguerdian, 13:30etik aurrera, herri kirolen ikuskizuna eskainiko dute, aizkolariak barne. Eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute; tiketak 8 euroan eskuratzeko bi aukera daude: Galeon tabernan bertan edo "ahoz aho".

Bazkalostean, berriz, musika nagusituko da: Txustarrak taldearen kontzertu akustikoa, mus txapelketa, 3x3 txapelketaren sari banaketa, zozketa...

18:30ean, dantza plaza egingo dute, eta 20:00etatik aurrera kontzertuen txanda izango da: Siroko ska talde arabar beteranoa, Alejo MC raplari gasteiztarra eta lagunak, eta Kalipotxo Bizkaiko musika elektronikoko taldea. 00:00etatik aurrera, DJ Pedrata eta Jartangas arituko dira jai gunean musika jartzen.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago