O'Funk'illo, San Kristobaleko jaien plater nagusia

Erredakzioa 2023ko uzt. 4a, 09:15

O'funk'illo Sevillako funk rock taldearen kontzertua larunbatean izango da. O'FUNK'ILLO

Uztailaren 5etik 10era ospatuko dituzte San Kristobal auzoko jaiak. Besteak beste, O'funk'illo, El Chivi, Growing, Koltan, Lautada eta Benkone and The Nayflor taldeen kontzertuak izango dira, baita barrakak, kalejirak, txapelketak eta jolasak ere.

Aurrera doa Gasteizko auzoetako jaien egutegia. Oraingoan, aste honetan, San Kristobal auzoaren txanda izango da, ofizialki uztailaren 5etik 10era, asteazkenetik astelehenera; hala ere, ohikoa denez, asteburuan zehar antolatutako jarduerak eta kontzertuak izango dira egitarauaren plater nagusia.

Lehenengo jarduerak asteazken honetan hasiko dira, uztailaren 5ean: 11:00etan, zesta ekologikoaren zozketa; eta 12:00etan, argazki lehiaketa. Ostegunean, uztailaren 6an, 17:00etan irekiko dituzte barrakak, eta 20:00etan pintxo-potea eskainiko dute auzoko tabernetan.

Ostiralean, hilaren 7an, txupinazoaren jaurtiketak emango die hasiera jaien egun handiei, 13:00etan. Ondoren, askotariko jarduerak arratsaldean zehar: 17:30ean, Arabako Bolo Txapelketa; 18:00etan, igel jaurtiketa; eta ordu berean, giza elkartasunaren oinarrizko balioaren eta ingurunearekiko errespetuaren aldeko hitzaldia, Hegoalde gizarte etxean. Iluntzean, berriz: 20:00etan, pintxo-potea txosnan; 20:30ean, pintxo-potea eta kalejira auzoko tabernetan; eta 22:00etatik aurrera, Koltan (punk rock), Lautada (metal) eta Benkone and The Nayaflor (reggae) taldeen kontzertuak txosnagunean. Barrakak 12:30etik aurrera izango dira zabalik.

Larunbatean, hilaren 8an: 09:00etan, petanka txapelketa; 12:00etan, umeentzako jolasak (Kristobal Deuna Eskaut Taldearen eskutik), barraken irekiera eta Free Tourra EHUren Errektoretzaordetik (Nuria Fernandezen eskutik); 13:00etan, umeentzako jarduera herrikoiak eta nagusientzako bermuta eta musika txosnagunean; 17:00etan, Arabako Bolo Txapelketa Nagusia; 18:00etan, futbolin txapelketa Itzela tabernan; 18:30ean, Kirrinka txaranga; 19:00etan, txapel jaurtiketa txapelketa; 19:30ean, pintxo-potea txosnagunean; 20:10ean, Arabako Bolo Txapelketaren sari banaketa; 20:20an, bingoa; eta 21:10ean, Urrezko Lauburuaren V. edizioa (Javier Dominguez ultra trail lasterkariari). Iluntzean, 21:30ean, Enrique Loyolaren monologoa, eta 22:30etik aurrera, kontzertuak: O'funk'illo, El Chivi, Growing (auzoko taldea), eta, gaupasa DJ iOnaren eskutik.

Jaien amaiera egitarau xumeago batekin iritsiko da. Igandean, hilaren 9an: 12:00etan, barrakak; 12:30ean, umeentzako jolasak; 18:00ean, adinekoentzako dantzaldia, Carisma orkestrarekin; eta 18:30ean, poteoa eta pikoteoa txosnagunean, prezio herrikoiekin. Astelehenean, hilaren 10ean: 17:00etan, prezio herrikoiak barraketan; 12:30ean, kotxeen bedeinkapena, San Kristobal elizan; 17:00etan, meza jaietako patroiaren omenez; eta, azkenik, 18:00etan ofizialki amaituko dira auzoko jaiak.

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago