Iruñeko hilketa matxista salatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2023ko uzt. 3a, 20:00
Dozenaka pertsona bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: Mugimendu Feminista

Larunbatean, 51 gizonezko batek 47 urteko bikotekidea sastatu eta hil zuen Iruñean. 2023an zehar Euskal Herrian gertatutako laugarren hilketa matxista salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Mugimendu Feministak hiriburuetan, baita Gasteizen ere.

"Euskal Herria sutan dago. Zortzi astetan, lau hilketa matxista. Azkena, larunbatean, uztailaren 1ean, Iruñean", salatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, lau hiriburuetan deitutako mobilizazioetan. Gasteizen ere, dozenaka lagun bildu dira azken hilketa matxista salatzeko.

Iruñeko Ermitagaña auzoko bizilagunak Zhen zuen izena, 47 urte zituen, eta, ustez, bere bikotekideak hil zuen, labankadaz. Epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio, hilketa (generoaren larrigarriarekin) eta ohiko tratu txarren delitua egotzita. Mugimendu Feministak bere "samina eta elkartasuna" adierazi die biktimaren lau haurrei, familiei, lagunei.

"Nazkatuta gaude. Gizartearen antolaketa patriarkalak uneoro indarkeria matxista gure artean egotea ahalbidetzen du, bai erakundeetan, bai kalean eta baita ingurune hurbilenean ere", ohartarazi du Mugimendu Feministak. "Sotilenetik odoltsuenera, emakumeok ehunka eraso mota jasaten ditugu gure egunerokoan. Feministok oso argi daukagu hori, argi daukagunez arazoa egiturazkoa dela, sistema heteropatriarkalaren ondorioa, eta ez dela etengo gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte".

Azken egunetako mobilizazioetan, "indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabeko bizitza izateko eskubidea" aldarrikatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. "Ozen diogu feminismoaren bidea gizartea errotik aldatuko duen bidea dela. Eskuina aurrera egiten ari den garai honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da politika feministak aldarrikatzea, bai erakundeetatik, bai herri mugimendutik, lortutako guztiari balioa ematea eta atzerapausorik ez onartzea. Pertsona guztiok dugu bizitza bizigarriak bizitzeko eskubidea, jatorria, sexua edo gizarte egoera edozein dela ere. Premiaz aldarrikatzen ditugu indarkeriarik gabeko bizitzak, bizitza duinak. Sistema hori irauli arte borrokan jarraituko dugu, feminismoak sistema patriarkala suntsitu arte".

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide