Udari ongi etorria emateko, asteburu honetan bueltan izango dira Gasteizko Salburua auzoko jaiak. Hiru egunez, ostiraletik igandera, ekainaren 30etik uztailaren 2ra, askotariko jarduerak antolatuko ditu jai batzordeak. Txosnagunea Ekialdeko Parkean jarriko dute, baina auzoko tabernetan zein beste gune batzuetan ere ekitaldiak izango dira.
Ostiralean, hilaren 30ean, txokofresh, pilota frontoiaren inaugurazioa, Hankaluze zikoinari ongi etorria, Beriba Samba batukada, eskupilota erakustaldia, kontzertuak tabernetan, elkartasun kalejira eta gazte afaria izango dira. Gau partean, berriz, musika nagusituko da txosnagunean: 22:30etik aurrera, Atrikipunk, Etxepe eta Ttek Elektrotxarangaren kontzertuak; eta 03:00etatik aurrera DJ Mendak.
Uztailaren 1ean, larunbatean, egun osoko egitaraua izango dute: Errekaleor ibaiaren ibilguaren garbitzea, kirol txapelketak eta jolasak, ipuin kontalariak, herri bazkaria, mus txapelketa, txaranga, kirol erakustaldiak, kontzertuak tabernetan eta Luhartz erromeria.
Jaiei amaiera emateko, igandean, uztailaren 2an, artisau azoka, umeentzako herri kirolak, euskal pilota putxeak, Txuky Killer taldearen kontzertua, jaietako zozketa, Tor Magoaren ikuskizuna eta Hankaluzeren agurra izango dira.
KONTZERTUAK
EGITARAUA