Hasi dira Federico Baraibar ikastetxeko murrizketen aurkako mobilizazioak

Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 16:20
Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira gaur. Argazkia: Federico Baraibar BHI

Hezkuntza Sailari kexa formal bat helarazi ostean, Federico Baraibar BHI institutuko klaustroak mobilizazioei ekin die, baliabide eta irakasle murrizketa salatzeko. Gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean izan dira.

Gasteizko Nieves Cano kaleko Federico Baraibar ikastetxeko hezkuntza komunitateak mobilizatzeari ekin dio astelehen honetan, Murrizketarik ez! Kalitatezko hezkuntzarako eskubidea lelopean, baliabide eta irakasle murrizketa salatzeko: gaur, 13:00etatik 13:30era, elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean; asteartean, asteazkenean eta ostegunean, berriz, 11:00etatik 11:30era Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, San Prudentzio kalean.

Murrizketa "jasanezina"

Federico Baraibar bestelakoa da beste ikastetxeekin konparatuta: besteak beste, familien %90 atzerritar jatorrikoa da, eta ikasturtean zehar ikasle berriak etengabe iristen zaizkie. "Kultura eta hizkuntza aniztasuna izugarri aberasgarria da, baina, aldi berean, ikaskuntza prozesua zailtzen duten ondorioak ditu", ohartarazi dute.

Izan ere, ikasleen kopuru esanguratsu baten ama-hizkuntza ez da gaztelania, eta euskararekin ez dute inolako harremanik; kasu askotan, gainera, hizkuntzaren aldez aurreko ezagutzarik gabe iristen dira. Are gehiago, badira inoiz eskolatu gabe iristen direnak ere.

DBHko ikasleen %60k gutxienez urtebeteko eskola atzerapena du, eta hezkuntza gabezia ugari eta ikaskuntza defizit handia dituzte. Baldintza pertsonal, egoera sozioekonomiko zaurgarri, eskola ibilbide edo bestelako faktore askorengatik, Hezkuntza Laguntza Espezifikoa behar duten ikasle asko daude zentroan.

"Ezaugarri berezi horiek dituzten ikasleekin ez dugu inoiz izan behar adina baliabide behar bezala lan egiteko, eta 2023-2024 ikasturterako ikuspegia tamalgarria da", ohartarazi dute. Izan ere, Hezkuntza Sailak gutxienez bost arlotan murrizketak ezarriko ditu:

  • Curriculum desberdineko klase bat galduko dute DBHko 3. mailan. Hezkuntza Ordezkaritzaren argudioa da dibertsifikaziora bideratutako kupoa (DBH 3 eta 4ko ikasleen %15) dagoeneko betetzen dutela 4. mailako ikasleekin.
  • DBHko 1. mailako bi talde izango dira, orain baino bat gutxiago.
  • Pedagogia Terapeutikoko (PT) hiru irakasle baino gehiago galdu dituzte azken bost urteetan. PTrik ez egoteak, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen beharrei aurre egiteko irakasle gutxiago izateaz gain.
  • Digitalizazioari dagokionez ere "galera handiak" izango dituzte. Besteak beste, Premia proiekturako sei ordu baino ez dituzte izango, eta horrek eguneroko arazoen aurrean kanpoko erakundeen menpe utziko dituela uste du klaustroak. "IKTko arduradunik ez dugu izango, eta ez dugu ordurik izango Eusko Jaurlaritzak sortutako ordenagailuen renting-a kudeatzeko. Ikasle guztiei ordenagailuen mailegua kudeatzeko eskatzen digute, horretarako ordurik gabe", kritikatu dute
  • Gela osagarri bat dago zentroan, oso disruptiboak diren ikasleentzako gela espezifikoa. "Modu egokian lan egiteko, ikastetxeko zuzendaritzak bi zerbitzu-eginkizun sortzea eskatu du, benetan kualifikatuta dauden langileak ziurtatzeko, hain ezaugarri zehatzak dituzten ikasleekin lan egiteko eta jarraitutasunez proiektu on bat sortzeko", azaldu dute. Hezkuntza Sailak, baina, ez du eskaera kontuan hartu.

Baliabideak indartzea

Horrez gain, Federico Baraibar ikastetxeko klaustroak salatu du datorren ikasturtean lanaldi zatitua izateko aukeraren aurrean daudela. "Berrikuntza horrek hainbat arazo ekarriko lizkiguke. Alde batetik, gure ikastetxeak ez du ikasle guztiei (ez irakasleei) jaten emateko behar den espazio edo azpiegiturarik; ikastetxea ez da auzo-zentroa, eta hiri osoko (tartean oso urrun dauden auzoetako) ikasleak ditugu. Lanaldi zatituak, gainera, absentismoa areagotuko luke", ohartarazi dute.

Egoera "kezkagarria" dela diote, eta horrek "ikastetxearen funtzionamendu ona, ikasleen ongizatea eta kalitatezko hezkuntzarako eskubidea arriskuan" jartzen dituela uste dute.

"Ditugunak baino baliabide gehiago behar ditugu helburu horiek betetzeko", diote. Hortaz, "premiaz" eskatu dute, alde batetik, murrizketak bertan behera uztea eta, "hori nahikoa ez denez, baliabideak indartzea". Horrekin batera, "beharrezkotzat" jo dute Hezkuntza Ordezkaritzaren lankidetza, ikastetxearen "egoera jasanezina" konpontzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide