Belar Sounds bueltan da Falerina Lorategira

Erredakzioa 2023ko eka. 23a, 19:00
AC The Band taldearekin hasiko da zikloa, larunbat honetan. Argazkia: AC The Band

Musika programak doako zazpi kontzertu eskainiko ditu ekainaren 24tik irailaren 16ra bitartean: AC The Band, 4 Villains, Micky & The Buzz, The Brontës, Janus Lester, Gonzalo Portugal eta Adormidera.

Belar Sounds bueltan da, Montehermoso Kulturunearen eskutik, bere bosgarren edizioarekin kalitatezko musika Falerina Lorategira hurbiltzeko. Erdigune historikoa aisialdirako eta elkarbizitzarako espazioa bihurtuko da udako asteburuetan, ekainaren 24tik irailaren 16ra, 19:00etatik aurrera. Kontzertu guztietarako sarrera librea izango da.

Ekainaren 24an, larunbatean, hasiko da AC The Band taldearekin. Asier Crespo abeslari eta gitarra-jolearen bakarkako lehen proiektua da. Javier Rodriguez baxuarekin, Esteban Isusi bateriarekin eta Javi Free teklatuarekin batera, Martin Sexton edo Paul Simonen mailako musikarien eraginak markatutako baina berezko estiloa duen banda eratu du.

Larunbatean, apirilaren 1ean, 4 Villains taldearen txanda izango da. Metal melodikoa eta rock abestiak uztartzen dituen Bilboko banda da. Emanaldian ez dira faltako Freak show lehen laneko abestiak, eta klasikoren bat, makillaje asko, tul eta zirkuko kutsu lotsagabe handiarekin batera.

Abuztuaren 19an, Micky & The Buzz taldea izango da Falerinan, bere jump-blues eta rock'n'roll klasikoarekin. Punk energiarekin eta Micky Paiano (Shöck, No Relax) italiarraren ahotsarekin, taldekideek ibilbide luzea dute hainbat taldetan, hala nola The Boogie Punkers, The Big Flyers edo The Longboardsen. Energia, erritmoa, dantza eta dibertsioa ziurtatuta daude.

Abuztuaren 26an The Brontës taldea iritsiko da Falerinara. 1995ean hasi zenetik, Gasteizko hirukotea pop melodikoaren eta rockaren artean mugitu da. Modak alde batera utzita, haien konposizioak ingurune gogorrean, gitarra eta zarata artean murgiltzen dira, eta estilo oso pertsonala sortzen dute.

Irailean maila handiko hiru hitzordurekin amaituko da musika zikloa. Hilaren 2an, Janus Lester banda ikusgarri, dibertigarri eta anbiziotsua izango da, arima beltza eta 80. eta 90. hamarkadetako dantzaren herentziarekin, erritmo sinkopatuak, elektronika eta funka nahastuz, erabat originalak eta garaikideak diren moldaketekin.

Irailaren 10ean Gonzalo Portugalen txanda izango da, Gonzaloren bakarkako abentura da, urte askotan zehar Last Fair Deal bandako buru izan ostean. Bere lehen EPak, On My Way, askotariko estiloak erakusten ditu bluesaren ikuspegitik, berezko konposizioekin eta Rollin and tumblin-en berrikuspenekin.

Adormiderak itxiko du programazioa hilaren 16an. Tamara Martinezen izen artistikoa da, eta rock eszenaren eta egile abestien sorpresarik handienetako bat da. Emozioak urratzen dituzten hitz eta melodiekin eta publikorik zorrotzena erakartzeko musikarekin, bere proposamena pasio hutsa da: musika proiektu freskoa, originala eta desberdina.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide