Alde Zaharreko auzokideek eta auzoko kolektibo, saltoki eta tabernek bere onena eman dute, aurten ere, saretutako programazio oparoa eskaini ahal izateko. Ohikoa denez, egitaraua zortzi bloketan banatu dute, eta horien barruan 100 jarduera inguru izango dira astean zehar: kirola, antzerkia, hitzaldiak -Hitz egin eta eragin-, tailerrak, musika, umeak eta zinea.
Besteak beste, azken aldian auzoak jasandako poliziaren gehiegikeria salatu eta auzo elkartasuna eramango dute jaien erdigunera: Poliziak ez nau zaintzen, auzolagunek bat izango da aurtengo leloa, eta kartela ere ildo beretik doa, 8-biteko bideo-jokoen iruditegiaren bidez auzoa islatuz.
Ohiko hitzorduen artean, besteak beste: astelehenean, ekainaren 26an, 18:30ean, txupina eta kalejira VTuristikoa; asteazkenean, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguneko manifestazioa; larunbatean, uztailaren 1ean, Ez eman Tourra! aldarrikapen jolasa, bazkari autogestionatua Barrenkale kalean, eta guatekea Gaztetxean; eta igandean, artisau azoka eta hainbat kontzertu zein pintxadaren ostean, destxupina egingo dute, jaiei amaiera emateko.
Eskaintza musikalari dagokionez, askotariko pintxadak eta kontzertuak izango dira aste osoan zehar: besteak beste, Iker Piris Trio, Bihotza, The Broater, Jon Basaguren, Cubo, Traumreise, Old Time Spooks, Chucky Killers, The Big Band Berri, Arima Warriors Sound System, DJ Tinieblas, Lobo & Carmine, Clockwork Selekter, Deklibe, Harrika (Benizze, Ander Arce eta Alaine Mak), Annekdotas, DJ Rosamari, CDS, Konpost, Zuretzako Mezua, Los del Rayo, Intxisu, Heroina, Sarasola Y., Moni Garage, Como Tu Quieras, Kultura Reggae Band, Kolix...
EGITARAUA
KARTELA