Iggy Popen soinuekin agurtu da Azkena Rock jaialdia

Erredakzioa 2023ko eka. 18a, 11:00

48.500 lagun igaro dira Mendizabaletik Azkena Rock Festival jaialdiaren hiru egunetan, eta larunbatekoa Iggy Pop eta Lucinda Williams handien gaua izan da. 2024ko ekainaren 20an, 21ean eta 22an izango da hurrengo edizioa.

Larunbat honetan agur esan du Azkena Rock Festival jaialdiak, 2024ko ekainera arte. Bere XXI. edizioan errekor berria lortu du festibalak: guztira, 48.500 lagun igaro dira Mendizabaleko eremutik, rock festaren hiru egunetan.

Antolatzaileen ustez, zifra horiek belaunaldien arteko erreleboa berretsi dute: alde batetik, 2022ko edizioarekin alderatuta %20 igo da familien kopurua; bestetik, Gazte Bonuari esker, 15 eta 23 urte bitarteko gazteak publikoaren %18 izan dira. Horrez gain, jaialdiaren nazioarteko arrakasta azpimarratu dute ere, hamabost nazionalitateko jendearekin: besteak beste, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Italia, Alemania, AEBak, Kanada, Finlandia, Suitza, Suedia eta Holandako lagunak igaro dira Mendizabaletik.

Jaialdiaren azken eguna, larunbata, Iggy Pop punk ikonoaren presentziak markatu du, zalantzarik gabe. Bere energia bereziarekin, klasikoak zein disko berriko kanta batzuk eskaini ditu. Lucinda Williams handiaren emanaldia ere irrikaz espero zen, eta publikoaren sentimenduak astindu ditu bere konposizio intimo eta identifikagarriekin.

Bestalde, Melvins taldeak bere jarraitzaileak konkistatu ditu kontzertu magnetiko batekin, eta Amanda Shires-ek country generoari buruzko masterclass bat eskaini du oholtza gainean. Trashville karpan, berriz, Steel Beans, The Phantom Surfers eta Lost Cat taldeen zuzenekoaz gozatu ahal izan du publikoak.

Euria dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte azken eguneko ordutegietan: bi kontzertu (Ezpalak eta Brigade Loco) bertan behera utzi dituzte, eta Last Tourrek jakinarazi du hurrengo edizioan izango direla Euskal Herriko bi taldeak; Nat Simons eta Cherie Currie ikusteko aukera paregabea ez galtzeko, berriz, Iggy Popen kontzertuarekin batera programatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide