Hil egin da BEI-ak asteartean harrapatu zuen emakumea

Erredakzioa 2023ko eka. 16a, 09:54
2022ko martxoan hasi zituen BEI-ak lehenengo bidaiak. Argazkia: Gasteizko Udala

Autobusak emandako kolpearen ondorioz, plataformaren ertzarekin jo zuen buruan emakumeak.

Joan den asteartean BEI autobusak harrapatutako 70 urteko emakumea bart hil da. Herritarren Segurtasunerako Sailak baieztatu duenez, Santiago ospitaleko medikuek ezin izan dute ezer egin hura salbatzeko, oso larri ospitaleratu ostean. Legealdi honen erdialdean jarri zuten martxan autobus elektriko adimenduna.

Salbaterrabide kaleko 28. zenbakian izan zuen ezbeharra emakumeak, 14:30ean; BEI-ak sorbaldan jo zuen andrea, erori egin zen, eta plataformaren ertzarekin jo zuen buruan. Udaltzainen lau talde bertaratu ziren, eta anbulantzia iritsi arte laguntzen saiatu ziren, konorterik gabe baitzegoen. Ospitalera "oso larri" eraman zuten, eta ostegunean jakinarazi zuten medikuek hil egin zela.

Tuvisatik komunikatu bat bidali dute, doluminak emanez: "Tuvisako presidenteak eta zuzendariak kontseiluari jakinarazi diote aste honetan BEI-ak harrapatutako emakumearen heriotzaren berri. Biek emango dizkiote doluminak hildakoaren familiari, eta ibilgailuaren gidariari lagunduko diote".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide