Euskararen presentzia neurtuko dute Azkena Rock Festival jaialdian

Erredakzioa 2023ko eka. 15a, 11:45
Ekainaren 15ean, 16an eta 17an ospatuko da Azkena Rock jaialdia. Argazkia: ARF 2023

Udalaren eskutik 380.000 euroko diru-laguntza jaso duen heinean, Azkena Rock Festival jaialdiaren idatzizko materialetan zein ahozko erabileran hizkuntza praktikaren behaketa egingo du aurten Bai Euskarari Elkarteak.

Gasteizko Udalaren Euskara Elkarguneak proposatuta, Udalak diruz laguntzen dituen edota kontratu zen hitzarmen bidez babesten dituen ekitaldietan, hizkuntza praktika aztertuko du, aurrerantzean, Bai Euskarari Elkarteak.

Oraingoan, ekainaren 15ean, 16an eta 17an Gasteizko Mendizabaleko eremuan ospatuko den Azkena Rock Festival jaialdiaren behaketa egingo du arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzera bideraturiko baliabideak eta egitasmoak sustatzen dituen elkarteak. Aurten, Gasteizko Udalaren 380.000 euroko diru-laguntza jaso du jaialdiak.

Horretarako, jaialdiaren edozein ekimenetan parte hartuko duten herritarren laguntza eskatu eta galdetegi bat jarri dute martxan, hizkuntza erabileraren behaketa egin eta ikusitakoaren berri emateko.

Alde batetik, idatzizko materialekin lotutako informazioa jaso nahi dute: programazio liburuxka, esku-orriak, informazio orriak, sarrerak, gonbidapenak, akreditazioak, eskumuturrekoak, kartelak, panelak, prezioen taulak, edalontziak, bestelako materialak...

Horrekin batera, ahozko erabilera neurtuko dute ere: besteak beste, informazio guneko langileena, denda zein merchandisingeko postuetako langileena, segurtasun zein antolakuntzako langileena, taberna edo barrako langileena, osasun zerbitzuetako langileena, aurkezleen zein megafoniako mezuena eta artisten hitzartzeena.

Eduki horiek erdaraz, batez ere erdaraz, bi hizkuntzatan, batez ere euskaraz ala euskaraz ote dauden jakitea izango da helburu nagusia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide