Azaleko minbizia garaiz atzemateko lanean

Erredakzioa 2023ko eka. 14a, 14:11
Gasteizko hainbat txokotan banatuko dute informazioa. Argazkia: Minbiziaren Aurka Araban

Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak eta Optikari Optometristen Elkargoak bat egin dute Minbiziaren aurka Araban elkarteak antolatutako kanpainarekin.

Azaleko minbizia prebenitzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute Arabako farmazialari, optikari eta optometristek, gomendioak zabaldu eta fotobabes egokien erabilera sustatzeko. Kalean aholkularitza eskainiko dute, Azkena Rockeko kontzertuekin edo Frantziako Tourraren irteerarekin bat eginez, baita Arabako hainbat igerilekutan ere. 

Tumore guztien artean ohikoena da azaleko minbizia, hertsiki lotuta eguzki-esposizioarekin. UVA erradiazioek eragin handia dute zahartze goiztiarrean, fotosentikortasun-erreakzioetan, fotoalergian eta azaleko kartzinomen sorreran. "Fotobabesa, hortaz, funtsezkoa da eguzkitan jartzen diren pertsona guztientzat, baina are gehiago azal argia dutenentzat, haurrentzat, adinekoentzat, paziente inmunodeprimituentzat eta sendagai fotosentikortzaileren bat hartzen duten pertsonentzat", azaldu dute Minbiziaren aurka Araban elkartetik.

Gomendioak

Eguzkiaren erradiazioek eragin ditzaketen ondorio txarrak prebenitzeko, hainbat gomendio eman dituzte; hala nola egunaren erdiko orduetan (12:00etatik 16:00etara) eguzkitan egotea saihestea, begiak eguzkitako betaurreko homologatuekin babestea, txanoak edo kapelak erabiltzea eta arropa egokia janztea.

Behar adina fotobabes eman behar da, gutxienez eguzkitan egon baino ordu erdi lehenago, eta 2 orduro errepikatu, batik bat bainatu ondoren edo izerdi gehiegi bota ostean. Fotobabes egokia hautatu behar da larruazal fototipoaren, larruazal motaren eta jarduera motaren arabera. "Horretarako, farmazialaria da fotobabesik aproposena aukeratzen lagun dezakeen profesionala". Fotobabesa ez da urte batetik bestera berrerabili behar, eguzki-iragazkien eraginkortasuna galtzen delako.

Kontuan izan behar da azalak memoria duela eta, beraz, fotobabeseko hezkuntza haurtzaroan hasi behar da, erradiazioaren ondorio kaltegarriak metagarriak eta itzulezinak dira eta. Haurren kasuan, arreta berezia jarri behar da eguzkitan egotean, berez babesteko gaitasun txikiagoa baitute. Hiru urtetik beherako umeak eguzkitan ez egotea gomendatzen da. Era berean, gorputzean ditugun orban eta oreztei bereziki adi egon behar dugu, aldatzen badira ere, eta medikuarengana joan behar dugu larruazaleko minbizi posible bat baloratzeko. "Orban asimetrikoak, ertz irregularrekin, kolore-aldaketekin, 6 mm-tik gorako diametroekin edo eboluzionatzen, hazten, odola ateratzen edo azkura ematen duten orbanak baditugu, garrantzitsua da medikuarenera joatea, melanomen kasuan garrantzitsua baita diagnostiko goiztiarra egitea". Fotobabesa ez da mugatu behar hondartzan edo igerilekuan igarotzen dugun denborara; aitzitik, garrantzizkoa da aire zabaleko edozein jardueratan babestuta egotea.

Informazio-guneen egutegia:

  • Ekainaren 16a eta 17a. Mateo Moraza. Azkena Rock. 12:00-14:30
  • Ekainaren 21a, asteazkena. Arka plaza. 11:00-13:30
  • Ekainaren 26a, astelehena. Arka plaza. 18:00-20:00
  • Uztailaren 2a, igandea. Frantziako Tourraren irteera-puntua. Posta plaza. Ordua zehazteke.
  • Uztailaren 4a, asteartea. Loma Jeneralaren plaza. 11:00-13:30
  • Uztailaren 6a, osteguna. Bakheko igerilekuak. 17:00-19:30
  • Uztailaren 7a, ostirala. Amurrioko igerilekuak. 11:00-13:30
  • Uztailaren 11, asteartea. Mendiko igerilekuak. 17:00-19:30
  • Uztailaren 13a, osteguna. Estadioko igerilekuak. 17:00-19:30
  • Uztailaren 14a, ostirala. Laudioko igerilekuak. 11:00-13:30
  • Uztailaren 17a, astelehena. Gamarrako igerilekuak. 17:00-19:30

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide