Gasteizko EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko beirateen aurka talka eginez martin arrantzale bat (Alcedo atthis) hil dela salatu du GADEN talde ekologistak. Elkartearen arabera, gertatutakoa "ez da kasu isolatua", aurreko batean ere pagauso bat (Columba palumbus) modu berean hil delako, kristalaren kontra jota.
"GADENek arazo hori saihesteko premiazko neurriak hartzeko eskatu dio EHUri", azaldu du erakunde ekologistak ohar batean. "Urtero milioika hegazti hiltzen dira mundu osoan beirateen aurkako talken ondorioz, eta arazo hori gero eta handiagoa da, material hori gero eta gehiago erabiltzen baita eraikinetan eta azpiegituretan".
Inguruko landaredia edo zerua islatzen duten egiturak izanik, hegaztiak ez dira gai hautemateko benetan oztopo batean aurrean direla, eta, ondorioz, horren kontra jo dezakete. GADENen esanetan, gaur egun "hegazti populazioen aurkako mehatxu handienetako bat" dira kristalezko eremuak. Diotenez, AEB Ameriketako Estatu Batuetan 80 milioi hegaztiren heriotza eragiten dituzte urte bakoitzeko.