Apirilaren 23an amaitu zen Haziak ideia gazteen lehiaketara ideiak bidaltzeko epea, eta epaimahaiak aurtengo proposamenik onenak aukeratu ditu jada. Aurtengo edizioan guztira 21 proposamen jaso ditu Gazteria Zerbitzuak: horietako bat 14-18 kategoriakoa zen, eta gainerakoak 19 eta 30 urte bitarteko gazteenak.
Udaleko Kultura, Parte-hartze eta Gazteria zerbitzuetako teknikariek eta hiriko gazteriaren ordezkari batek osatutako epaimahaiak edizio honetako ideiak, gaiak eta askotariko esparruak baloratu ditu, sariak merezi dituzten ideiak zein izango diren erabakitzeko.
Epaimahaiak proposamen "bideragarritasuna, originaltasuna eta sormenaren zein kulturaren inguruan duten lotura komuna" nabarmendu ditu, baita "gazteen xede publikoari ematen zaion protagonismoa" ere. Era berean, lehentasuna eman die 2022an edota beste edizio batzuetan gai berarekin sarituak izan ez diren proiektuei, proiektu berriak gauzatzeko aukera emateko.
Saritutako ideiak
Honako hauek dira epaimahaiak hautatu dituen hamar proiektuak:
- Un sacrificio, Iker Aguirre Vea-Murguia: fikziozko film labur bat garatzeko proiektua. Bi pertsonaia, espazio bakarra, eszena bakarra... eta ezusteko amaiera.
- Plater Irekiak, Zuretzako mezua kolektiboa: biniloaren kultura gazteen artean zabaldu nahi dute, Gasteizko kaleetan hainbat musika estilotako saioak antolatuz.
- Proyecto Silla, Silla kolektiboa. Sormenaren inguruan ideiak, esperientziak, ezagutzak eta kezkak trukatzeko guneak sortu nahi ditu gazte sortzaileen kolektibo honek.
- New Wave Art, New Wave Art kolektiboa. Arte garaikidea musika elektronikoarekin eta performancearekin nahasten duen ekitaldia.
- Gasteiz 2023 - Margotzeko liburua, Esti Aguirre Lopez de Munain. Gasteizko hainbat lekutako 70 marrazkirekin margotzeko liburu bat sortuko du Estik.
- Entre el azul y el verde, Jesus Ramirez eta Catherine Saenz. Lantegi honek aire zabaleko sormen-espazio bat eraikitzea proposatzen du, Gasteizko eraztun berdeko parke bat erabiliz. Bertan, testua eta irudia izango dira adierazpen artistikorako eta komunikaziorako bideak.
- Vitakora, Tamara Moreno Garcia. Zinemaren azken joerez gozatzeko gogoa duten gazteei zuzendutako ekitaldia da. Zinemagile gazteek egindako zinema ikusi ahalko dute, eta Euskadin musika-joera berriez gozatzeko aukera izango dute.
- Cromosensoría, Noelia Gomez Moreno. Sinestesiatik sortuta, hainbat teknika artistikoren bidez (idazketa, pintura, argazkigintza eta beste batzuk) elkar konektatutako obren sare bat eraikiko du, eta haren oinarri nagusia adierazpen kromatikoa izango da, aurretik kolore bakoitzari eman dion esanahi emozionalaren bidez.
- MAIDRE Ahots hutsean, Maider Lasa. Hamabi abestiko disko bat grabatuko du. Diskoan ez da musika tresnarik egongo; aitzitik, ahotsarekin bakarrik grabatuko dira abestiak. Hortik datorkio izenburua proiektuari.
- Afrikar literaturaren lantegiak, Nuria eta Tourad. Proiektuak errealitatearen askotariko begiradak transmititzeko espazio bat sortu nahi du Senegalgo literaturaren bidez, Birago Diop-en Amadouren ipuinak liburuan jasotako ipuinetatik abiatuta.