Astelehen honetan, eguerdian, aurkeztu dituzte 2022ko Urrezko Zeledonak, Gasteiz hiriaren zein Arabaren alde pertsonek eta entitateek egindako lana aitortzeko sariak: Gorka Ortiz de Urbina, 2001tik Zeledon gorpuztu duen eta 2023an azken aldiz gorpuztuko duen gasteiztarra; eta Elisa Rueda poeta eta aurten XI. ediziora iritsi den Poetak Maiatzean jaialdiaren zuzendaria.
Bi pertsona horiek hautatzeko, hogei bat hautagaitza banan-banan aztertu ditu Urrezko Zeledonen elkarteak. Epaimahaikide guztien argudioak entzun ondoren, "arabar sentitzearen eta egitearen" ezaugarriak kontuan hartu dituzte, bai eta curriculumaren oinarrizko xehetasunak ere.
Sari herrikoien antolatzaileek azaldu dutenez, biek "poz eta ilusio biziz" ezagutu zuten albistea joan den astean. Gaur elkartearen egoitzan egindako prentsaurrekoan, jasotako golardoaz "harro" sentitzen direla azaldu dute Ortiz de Urbinak eta Ruedak.
Elkarteko lehendakari Josemari Velez de Mendizabalek bi izendapen horiek dakarten "urrats kualitatiboa" nabarmendu du. Izan ere, pozik agertu da, alde batetik, emakumeen hautagaitzak gizonezkoenak baino gehiago izan direlako, eta, bestetik, bi sarituak euskaldunak direlako. Horrek "Arabak normalizazio sozial eta linguistikoan aurrera egiten ari dela erakusten du", Velez de Mendizabalen ustez.
Saria irudikatzen duen estatuatxoa irailaren 27an jasoko dute Ortiz de Urbinak eta Ruedak, Principal Antzokian antolatuko den ekitaldian. Mariajo Otxoa de Eribe eta Jesus Mari Alegria Pinttu 2021eko Urrezko Zeledonen lekukoa hartuko dute egun horretan.
Elisa Rueda Valenzuela
"Emakume aktiboa: irakaslea, poeta, idazlea, aktorea... eta, nola ez, Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiko zuzendaria eta alma mater, maiatzean Gasteizko kaleak eta Arabako herriak poesiaz betetzen dituena, irakurketa, idazketa eta poesiaren maitasuna zabaltzeko eta giza kolektibitateen arteko lotura zirraragarria sortzeko asmoarekin", zioen Elisa Ruedaren (Markina-Xemein, 1959) hautagaitza proposamenak.
Gainera, elkarteak nabarmendu duenez, "emakume zintzoa da, eta bi norabideko kultura zabaltzeko bokazioa du, Arabatik mundura eta mundutik Arabara".
Gorka Ortiz de Urbina, 'Zeledon'
2023ko abuztuaren 4an azken aldiz Zeledon pertsonaia gorpuztuko du Gorka Ortiz de Urbinak (Gasteiz, 1971), eta bere hautagaitza ez zuen epaimahaia ustekabean harrapatu: "Ibilbide eredugarria burutu du, pertsonaia mitikoa gorpuzteko egin duen ekarpenarekin. Hasieran ez zen erraza izan, zaila baitzen lekukoa eman zion Iñaki Landaren gisakoa edo Jose Luis Isasi lehen Zeledon ordezkatzea. Baina bikain egin du, Zeledon izena betiko irabaziz", goraipatu dute.
"Zeledon izan da 2001etik 2023ra, ez bakarrik abuztuaren 4an, baita urteko egun guztietan ere, izateko eta egoteko modu txalogarria erakutsiz. Urte hauetan guztietan alaitasunaren eta jai emozioaren bidea erakutsi die ehunka mila pertsonari", gaineratu du epaimahaiak.
URREZKO ZELEDONAK (1962-2022)
Urtea | Pertsona edo entitatea |
---|---|
1962 | Casino Artista Vitoriano eta Manuel Benitez El Cordobés |
1963 | Jose María Sedano eta Círculo Vitoriano Blusen Kuadrilla |
1964 | Pedro Saez El Sopo |
1965 | Ramon Jimenez Zape |
1966 | Les Armagnac Banda eta Venancio Del Val De Sosa |
1967 | Elias Aguirrezabal Martinez de Aguirre |
1968 | Sebastian Palomo Linares |
1969 | Zaldibartxo Gastronomia Elkartea |
1970 | Jose Luis Isasi Montalban |
1971 | Juan Fernandez Apellaniz Juanito |
1972 | Manuel Iradier Abesbatza Taldea eta Hilario Dorao Iñiguez |
1973 | Mariano San Miguel |
1974 | Zeledonen Jaitsieraren talde asmatzailea (1957ko abuztuaren 4an): Javier de Azpiazu, Jose Luis Isasi, Jesus Jimenez Lopez de Lacalle, Mario Lopez de Guereña, Amado Lopez de Ipiña, Jose Luis Madinaveitia, Jose Perez de San Roman, Luis Maria Sanchez Iñigo eta Jose Maria Sedano Laño |
1975 | Alfredo Donnay |
1976 | Enrique Orive Galindo eta Jose Luis Fernandez El Zapa |
1977 | Blusa Beteranoaren Kuadrilla |
1978 | Indarra Euskal Arte Herrikoiaren Kultura Elkartea |
1979 | Jose Antonio Cristobal Garcia |
1980 | Luis Maria Aramburu Martinez de San Vicente |
1981 | Pedro Maria Nuñez Uribe |
1982 | Arabako Gurutze Gorriaren Asanblada eta Juan Manuel Vera-Fajardo |
1983 | Jose Manuel Bedia Casas eta La Amistad talde artistikoa |
1984 | Jesus Ruiz de Ocenda |
1985 | Felix Ascasso Martinez de La Pera |
1986 | Federico Arocena eta Gregorio Querejazu |
1987 | Judith Cobo San Miguel eta Manuel Garcia de Andoain |
1988 | Rafael Ruiz de Zarate |
1989 | Felix Uriarte Urrestarazu |
1990 | Biznietos De Celedón blusa kuadrilla |
1991 | Jose Maria Bastida Ibañez Txapi |
1992 | Santiago Arina Albizu |
1993 | Cayo Luis Vea-Murguia Orive eta Jose Maria Lopez de Elorriaga Coppi |
1994 | Iñaki Landa Mesanza |
1995 | D.Y.A. (Detente y Ayuda) |
1996 | Esleitu gabe |
1997 | Martin Fiz |
1998 | Manuel Iradier Txangolari Elkartea eta Luis Lopez de Sosoaga |
1999 | Feliciano Saenz Villafranca |
2000 | Jose Antonio Zabalza Acha |
2001 | Emilio Ipinza (Manuel Iradier Abesbatzaren zuzendaria) eta Jose Luis Compañon (Deportivo Alaves kluba) |
2002 | Maria Angeles Cobas (Radio Vitoriako esataria) eta Javier Cameno (Arabako Nazioarteko Abesbatza Astearen zuzendaria) |
2003 | Rafael Mendialdua Errarte (Arabako Abesbatzen Federakundearen presidentea) |
2004 | Ricardo Saez de Heredia (Andre Maria Zuriaren Kofradiako abadea) |
2005 | Sabin Salaberri (Udal bandako zuzendaria) eta Julian Ortiz De Viñaspre Jovi (Floridako Jaiotzaren sustatzailea eta APDEMAren sortzailea) |
2006 | Esleitu gabe |
2007 | Juan Jose Martinez Viñaspre Anemias (gastronomoa) |
2008 | Arabako Gastronomia Elkarteen Federazioa 'Boilur' |
2009 | Satur Garcia Cuevas |
2010 | Jose Angel Cuerda, Gasteizko alkate ohia |
2011 | Gasteizko hiritarrak |
2012 | Javier Sedano (San Prudentzio Mus Txapelketa) |
2013 | Asun Gorospe eta Josemari Velez de Mendizabal |
2014 | Joseba Fiestras |
2015 | Aurora Herrera eta Patxi Anton |
2016 | Blanka Gomez de Segura eta Manu Garcia |
2017 | Julio Roca |
2018 | Jesús Moraza eta Joselu Anayak (Javier, Andoni, Felix, Jesus eta Joselu Ruiz de Gordoa) |
2019 | Txema Blasco eta Pilar Lopez |
2020 | Mikel Delika (beiragile artisaua eta musikaria) |
2021 | Mariajo Otxoa de Eribe eta Jesus Maria Alegria Pinttu |
2022 | Elisa Rueda eta Gorka Ortiz de Urbina |