Hilean 500dik gora litro hondakin organiko konpostatzen dituzte Zabalgana eskolan. 2018-2019 ikasturtean jarri zuten abian konposta egiteko gune bat, Gasteizko Udaleko Hondakinen Kudeaketa Sailaren laguntzarekin, eta geroztik datu arrakastatsuak utzi ditu. Eskolatik eta Amezti Txiki guraso elkartetik azaldu dutenez, ordea, lanarekin jarraitu ahal izateko Udalari babes "handiagoa" eskatu diote; Udaletik, berriz, "bere eskumenekoa" ez dela argudiatuta, laguntza eskaintzeari uko egin diote.
Gogoratu dute "instituzio publikoen babesik gabe" aurki ezin izango dutela konpostaje lanekin jarraitu eta horrek ondorio kaltegarriak izango dituela ingurumenarentzat zein eskola barruko hezkuntza komunitatearentzat. "Zabalgana eskolatik ez dugu ulertzen Gasteizko Udalaren jarrera. Gogoratu nahi dugu eskolan egiten ari garen lanak balio ekologikoa handia izateaz gain, ikasle, irakasle eta gurasoentzat balio pedagogiko izugarria ere baduela".
"Udalak eskolako konposta egiteko ontziak maneiatzea ez dela bere eskumena azaldu du"
Udalak maneiatu beharreko hondakin organikoen karga "hilean gutxienez 500 litro murriztea" lortu dutela nabarmendu dute eskolako gurasoek. "Ikasturteko une batzuetan, kopuru hori nabarmen gainditu dugu, eta horrek konpostaje zikloa laburtzea ekarri digu. Horrek esan nahi du udalak energia eta langile gutxiago gastatzen duela". Eta, era berean, ikastetxearen inplikazioa erabatekoa izan dela azpimarratu dute: "Haur hezkuntzako gelak, Lehen Hezkuntzako ikasgelak, jantokiko langileak, irakasle eta familiak. Denak prest egon dira prestakuntza jasotzeko, lankidetzan aritzeko eta denak behar bezala funtziona dezan ahalbidetzeko".
Hondakinen Kudeaketa Sailak bere garaian konpostagailuak sortzeko laguntza eta erraztasunak eman zituen arren, hortik aurrerako mantenu lan guztiak eskolako kideen gain geratu direla esan dute: familiek konpostagailuaren egoera kontrolatu, maneiatu eta gainbegiratzen dute, tenperatura kontrolatzen dute, bolteoaz, ureztatzeaz, ontzi aldaketez edo egin beharreko beste lan batzuetaz arduratzen dira. Baina proiektuarekin aurrera segitzeko, Gasteizko Udalaren Hondakinen Kudeaketa Sailaren inplikazio eta laguntza handiagoa behar dutela berretsi dute. "Izan ere, gure eskolan maneiatzen ditugun hondakin organiko kopuruak produktore handi batenak dira, baina interes publikoari egiten diogun ekarpenaren truke ez dugu ordainik jasotzen".
Zehazkiago, Gasteizko Udalari konpost ontziak kontrolatu, erabili eta gainbegiratzea eskatu diote, alde batetik. Piezak ordezkatzea eta hondatutako ontziak konpontzea, bestetik. Eta konpostajeari buruzko ikastaroak eskaintzea familiei, azkenik.