Uztailaren 2an iritsiko da Tourra Gasteizera, eta hori ospatzeko Frantziako lasterketaren historiari lotutako hitzaldi sorta antolatu du Vital Fundazioak. Hitzaldiak 19:00etan dira, Vital Fundazioaren aretoan.
Lehenengo hitzaldietan, ziklobidaiak izan dira hizpide, Koldo Zubizarreta eta Ander Txakartegiren eskutik, baita euskal emakumezkoen txirrindularitza nazioarteko arloan nahiz arlo olinpikoan ere, Tania Calvo, Eneritz Iturriaga, Agurtzane Elorriaga eta Lourdes Oiarbide txirrindularien eskutik.
Bihar, ekainak 13, Tourraren historiari lotutako lau ahots entzuteko txanda izango da: Josu Garai txirrindularitza zale amorratua eta kazetaria, 28 Vuelta, 27 Tour, 10 Giro eta 22 Munduko Txapelketatan aritu da kazetari-lanetan; Jesus Gomez Peña El Correo-ko kazetaria, txirrindularitzan espezializatua; Benito Urraburu Diario Vasco-ko kazetaria, txirrindularitzan espezializatua; eta Unai Iraragorri Euskaltel Euskadi Fundazioko komunikazio zuzendaria. Alain Laiseka arituko da moderatzaile, Tourrari lotutako esperientzia profesional zabala partekatuko dute laurek bertaratzen den publikoarekin.
Ekitaldi nagusietako bat asteazkenean izango da, hilaren 14an. Euskal txirrindularitzaren kondairak izenburuko hitzaldia, Abraham Olano, Marino Lejarreta eta Joseba Belokiren eskutik, Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kirol arloko burua moderatzaile dutela.
Abraham Olano profesional aritu zen 1992. eta 2002. urteen artean. Errepide modalitateko munduko txapelduna izan zen (1995) eta erlojupekoan (1998). Itzuli Handietan nabarmendu zen: Espainiako Vuelta bat irabazi zuen (1998) eta bigarren izan zen beste batean (1995), bi aldiz igo zen Italiako Giroko podiumera (1996an eta 2001ean) eta hiru aldiz sailkatu zen Frantziako Tourreko lehenengo hamarren artean (posturik onena 1997an lortu zuen laugarren postua izan zen). Guztira, sei etapa-garaipen lortu zituen Vueltan eta bat Tourrean, guztiak erlojupeko modalitatean.
Marino Lejarreta, berriz, 1979 eta 1992 artean aritu zen, eta denbora horretan 52 garaipen lortu zituen. Bere txirrindulari-ibilbideko zati handi bat Itzuli Handietan lehiatzen eman zuen, eta Frantziako Tourrean etapa bat eta bosgarren postu bat lortu zituen. Gaur egun komentarista da EITBko txirrindularitza emanaldietan.
Hirugarren solaskidea, Joseba Beloki, etapaka egiten diren itzulietan espezializatu zen eta estatuko txirrindularien artean Frantziako Tourrean podium gehien izan dituenako bat da (hiru), Indurainek baino ez zuen kopuru hori gainditu. 2002an bigarren geratu zen, eta lehenengo postua hutsik geratu zen Armstrongen positiboaren ondoren.