Dutxako urarekin erretzeagatik, kalte-ordaina eskatu diote Gasteizko Udalari

Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 10:39
Argazkia: Pixabay

Gizarte etxe bateko dutxan erre zen, eta 75.000 euroko indemnizazioa eskatu du.

Salaketa jarri duen lagunaren kontaketaren arabera, Gasteizko gizarte etxe bateko dutxan erre zen, joan den uztailaren 22an. SER irratiak jakitera eman duenez, bizkarrezur-muineko lesioa du salatzaileak, eta egokitutako dutxetako batean sartu zen; gehiegizko tenperatura zuen arren, ezin izan zuen egiaztatu bero-adierazlerik ez zegoelako eta hanketan sentikortasunik ez duelako.

Horren eraginez, hankan bigarren mailako erredurak egin zituen, eta ospitaleratu behar izan zuten sendatzeko. Orain 75.081 euroko kalte-ordaina eskatzen dio Gasteizko Udalari; 5 egun oso larri egon zela argudiatu du, 54 larri; eta beste 128 moderatuen eta oinarrizkoen artean.

Gasteizko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoari (EABJ) igorri dio kasua, eta Udalak erantzukizunik ez duela adierazi du. Horren arabera, ez da frogatu istripuaren eta zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren arteko kausalitate harremana; demandatzaileak ez du frogatu gizarte etxeko dutxan lesioa gertatu zenik, eta gizarte etxean ez da beste salaketarik izan uraren tenperatura altuagatik. Kaltetuak orain erabaki beharko du erreklamazioarekin aurrera jarraituko duen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide