Azken asteetan zehar, Abetxuko, Errekaleor eta Arana auzoek estreinatu dute Gasteizko auzoetako jaien egutegia. Aste honetan, berriz, Txagorritxu auzoaren txanda da. Izan ere, astelehenean hasita, Txagoko jaiak ekainaren 5etik 11ra bitartean ospatzen ari dira. Urtero bezala, aste osoko egitarau anitza antolatu du auzoko jai batzordeak, Erronkak gaindituz auzoa indartu lelopean, adin guztientzako askotariko jarduera eta kontzertuekin.
Txosnagunea, asteburuko ospakizunen erdigunea, Gazalbideko parkinean izango da berriz ere, baina jarduerak astelehenetik antolatu dituzte, Txagoko jaien sare sozialetan argitaratutako argazkietan ikus daitekeenez: kickboxing eta parkour tailerrak, dokumentalen proiekzioa, dardo, igel eta billar txapelketak, Auzoa Kantari...
Gaurtik aurrera, berriz, jaien egun handiak iritsiko dira. Ostegun honetan, hilaren 8an, txosnagunearen montajean buru-belarri lanean ibiliko diren arren, hainbat jarduera antolatzeko indarrak gordeko dituzte: 18:00etan, bingo irekia Bizan zentroan; 18:30ean, Amarauna taldearen tailerra Luis Dorao ikastetxean, emakumeek saskibaloiaren etapa guztietan jasaten dituzten indarkeriak identifikatzen ikasteko; azkenik, 21:30ean bertso-afaria egingo dute Boxing tabernan.
Tailer batzuetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, egitarauaren kartelean agertzen den QR kodea eskaneatuz eta galdetegia betez.
Asteburuan, kontzertuak nagusi
Ostiralean eta larunbatean, ohikoa denez, musika izango da plater nagusia, baina ez bakarra. Asteburuari ongietorria emateko, ostiralean, hilaren 9an, honako jarduerak izango dira: 17:00etan, umeen txokoak eta Gargantua txosnagunean; 18:00etan, Bizan zentroak antolatutako dantzak, Abendaño ikastolaren atzeko anfiteatroan; 19:00etan, zunba herrikoia; eta, 20:30ean, presoen eskubideen aldeko kalejira, Andre Maria Zuriaren plazatik auzoraino.
Ostiraleko kontzertuak 22:00etan hasiko dira: Occhi di Farfalla, Dena eta The Capaces taldeak izango dira oholtza gainean.
Jaietako egun handiaren egitaraua goizago hasiko da. Izan ere, larunbatean, hilaren 10ean, egun osoko programazioa izango da: 13:00etan, pintxada Indartsu Tabernan, eta, aldi berean, liburu eta koaderno truke azoka karpan; 15:00etan, bazkaria txosnagunean (tiketak salgai Garraxi eta Indartsu tabernetan); 17:00etatik aurrera, mus txapelketa Laberinto tabernan eta karaoke-poteoa auzotik, txosnagunean hasita.
Azkenik, larunbateko kontzertuak ere 22:00etan hasiko dira: Full Cab, Etxekalte eta Arida taldeak arituko dira oraingoan.
EGITARAUA
KONTZERTUAK
GASTEIZKO AUZO ETA HERRIETAKO JAIAK
Udan zehar, Gasteizko jaien atarian, auzoetako zein batzar administratiboetako jaiak ospatuko dira:
AUZOAK
- Abetxuku: apirilaren 28an (San Prudentzio) eta maiatzaren 1ean
- Arana: ekainaren lehen asteburua (ekainak 2-3-4)
- Txago eta Lakuabizkarra: ekainaren bigarren asteburua (ekainak 9-10-11)
- San Martin eta Adurtza: ekainaren hirugarren asteburua (ekainak 16-17-18)
- Judimendi eta Arriaga-Lakua: ekainaren laugarren asteburua (ekainak 23-24-25)
- Alde Zaharra eta Aranbizkarra: uztailaren lehen asteburua (uztailak 1-2)
- Lakua: uztailaren bigarren asteburua (uztailak 7-8-9)
- Zabalgana eta San Kristobal: uztailaren hirugarren asteburua (uztailak 14-15-16)
- Zaramaga eta Sansomendi: iraileko hirugarren asteburua (irailak 15-16-17)
- Salburua: iraileko laugarren asteburua (irailak 22-23-24)
HERRIAK
- Urtarrila: Ariñiz, Otobarren
- Apirila: Armentia
- Maitza: Aberasturi
- Ekaina: Lasarte, Uribarri Dibiña, Zumeltzu, Elorriaga, Arangiz, Arkauti, Matauko, Gardelegi, Monasterioguren, Ilarratza
- Uztaila: Betoño, Otazu, Foronda, Arangiz
- Abuztua: Zerio, Mendiola, Ullibarri Nagusia, Gereña
- Iraila: Astegieta, Otogoien, Arkaia, Argandoña, Margarita, Uribarri Arrazua, Andetxa, Jungitu, Gometxa, Zuhatzu, Legarda, Oreitia, Estarrona
- Urria: Mendoza
- Azaroa: Ehari-Gobeu
- Abendua: Mendoza