Osakidetzako garbitzaileen aldeko eserialdia egin dute Legebiltzarrean

Erredakzioa 2023ko eka. 8a, 11:00
Ertzaintzak arrastaka desalojatu ditu protestan ari zirenak. Argazkia: LAB sindikatua

Bi hilabete baino gehiago greban daramatzaten Osakidetzako garbiketa zerbitzuko grebalariekin elkartasunez Gora Garbitzaileak kolektiboak egindako protesta desalojatu du Ertzaintzak.

Maiatzaren amaieran Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren bulegoa okupatu ostean, ostegun honetan, goizean, "greban dauden Osakidetzako zentroetako garbiketa zerbitzuko zein beste sektore batzuetako lankideez osatutako" Gora Garbitzaileak kolektiboak eserialdi bat egin du Eusko Legebiltzarraren sarreran. Ertzaintzak arrastaka desalojatu ditu.

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileen "borroka luzearekin elkartasuna" adierazteko protesta ekintza izan da. Izan ere, bi hilabete baino gehiago daramatzate greban, beren lan baldintzak hobetzea exijitzeko.

Alde batetik, enpresa esleipendunen "intrantsigentzia" salatu du Gora Garbitzaileak-ek, protestaren ostean zabaldutako ohar batean: "Ez dute beren irabazien zati txiki bat ere partekatu nahi", kritikatu dute. Bestetik, Osakidetzari "beste alde batera begiratzea" leporatu diote, bezero gisa "eskuak garbitzeagatik eta langileei"jaramonik ez egiteagatik, erabateko heziketa falta erakutsiz".

"Osakidetzako zuzendaritzaren erantzunik eza eta inplikaziorik eza ikusita, eserialdia burutu dugu Eusko Legebiltzarreko sarreran, gobernu taldearen eta, bereziki, Osakidetzako arduradun nagusiaren, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren, arreta erakartzeko", azaldu dute aldarrikapen-oharrean. "Hala ere, ordezkari publikoek gu artatu eta gure aldarriak entzun beharrean, polizia autonomikoak indarrez atera gaitu".

Zer da Gora Garbitzaileak?

LAB sindikatuak babestutako ekintza dinamika da Gora Garbitzaileak: "Ekintza sindikalaren tresna eta praktika, eta garaipenen konkista langile klase osora zabaldu nahi duena. Langile klasearen kontura bakarrik onura bilatzen duten enpresen gainetik, herritarren arazoak konpontzeko gai ez diren agintari arduragabeen gainetik, eta kasko eta borren gainetik, beren lan baldintzak duintzeko borrokan ari den langile guztiei elkartasuna zabaltzen jarraituko dugu", ohartarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide