Ostegun honetan, goizean, "greban dauden Osakidetzako zentroetako garbiketa zerbitzuko zein beste sektore batzuetako lankideez osatutako" Gora Garbitzaileak kolektiboaren ordezkaritza batek protesta ekintza bat eraman du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren bulegoraino, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren barruan.
#GoraGarbitzaileak @GSagardui-ren bulegoa okupatu du @osakidetzaEJGV-ko grebalarien elkartasunean#Osakidetza #GarbitzaileakBORROKAN pic.twitter.com/3p2ooFDCWv
— LAB Osakidetza (@LABosakidetza) May 25, 2023
Ekintzaren ostean zabaldutako ohar batean gogora ekarri dutenez, Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileek bost urte daramatzate hitzarmen kolektiboa enpresa esleipendunekin negoziatzen: "Baina enpresa horiek jarrera itxia agertzen dute", deitoratu du Gora Garbitzaileak kolektiboak. "Bi hilabete daramatzate greban, eta maiz jo dute bezeroaren atea, Osakidetzarena, baina erakunde publiko horren zuzendaritzak beste alde batera begiratzen du eta ez du erantzuten, erabateko heziketa falta erakutsiz".
Hain zuzen ere, "Osakidetzako zuzendaritzak interesik agertzen ez duela ikusita" egin dute gaurko ekintza, eta "bere erantzun faltaren aurrean, erakunde horretako arduradun politiko gorenarengana jotzea" erabaki dute.
Oharrean azaldu dutenez, une horretan Sagardui ez zegoen bulegoan, baina Osakidetzako garbitzaileen eskaerak eta aldarrikapenak jasotzen dituen idazki bat eman diote idazkariari. Horrekin batera, "gatazka honen konponbidean duen erantzukizuna" aurpegiratu diote sailburuari. Azkenik, "elkartasuna" adierazi diete "lan baldintzak duintzeko borrokan ari diren langile guztiei".