Ehunka ertzainek Gasteizko tranbia moztu dute, lankideen txaloen artean

Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 18:00

Ertzaintzaren hitzarmen berriaren aldeko protesta, Legebiltzarrean. Argazkia: @ertzainas_lucha

Sindikatuetatik kanpo antolatutako Ertzainas en Lucha taldeak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta bildutakoek ordubetez eten dute tranbiaren zirkulazioa. Lanean zeuden ertzainek txalo egin diete.

Istiluen kontrako ertzainek erakutsitako jarrera oso bestelakoa izan da gaurko protestaren aurrean, 2021ean Tubacexeko langileen mobilizazioen aurrean edo minutu batzuk lehenago greban dauden Osakidetzako garbitzaileen aurrean izandakoarekin alderatuta. 10:00ak aldera, ehunka ertzainek ordubetez eten dute Gasteizko tranbia, eta, iraganeko beste protesta askotan ez bezala, lanean ari ziren agenteak ez dira beren lankideen aurka oldartu, ezta tranbiaren bidea libre uzteko eskatu ere; gaurkoan, ordea, txalo egin diete protestan ari zirenei.

"Hitzarmen arautzaile duinik gabe, ez dago Tourrik", ohartarazi du sindikatuetatik kanpo eratutako Ertzainas en Lucha kolektiboak, ostegun honetan Legebiltzarraren aurrean egindako mobilizazioan. Segurtasun Saila eta Ertzaintzaren sindikatuak hitzarmen berriaren inguruan negoziatzen ari diren testuinguruan, gero eta babes handiagoa lortzen ari da antolakunde "asindikala", ertzainen lan baldintzak hobetzea eta duela hamarkada bat iraungitako hitzarmena berritzea eskatuz. Negoziazio horietan parte hartu ahal izatea eskatu dute.

Protestan ari ziren ertzainek Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu dute. Gainera, idazki bat aurkeztu dute Legebiltzarreko erregistroan, beren aldarrikapenak azalduz: besteak beste, 1.100 euro inguruko soldata igoera eta segurtasuna, prestakuntza, materialak eta prebentzio planak hobetzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago