Astelehenean, Gasteizko Udaltzaingoak dei bat jaso zuen 092 telefonoan, ohartaraziz gizon bat sexu topaketak izaten egon zitekeela Adurtza auzoko parke batean kontaktatzen zuen adingabeekin. Salaketaren arabera, eremu horretan bizi den gizonezkoak parkeko jolas eta kirol eremuetako erabiltzaile adingabeen konfiantza bereganatzen zuen, gero delitua egiteko diruaren truke.
Udaltzaingoak egun berean ekin zion ikerketari, eta 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, 16 urteko adingabeen aurkako galbideratze delitu bat eta sexu erasoaren ustezko egiletza egotzita. Izan ere, deiari eta herritar anonimoaren laguntzari esker, udaltzainek inguru horretan bertan aurkitu zuten gertakarien ustezko egilea.
Bertan, bi biktima aurkitu zituzten ere, eta, gurasoen laguntzarekin, biek salaketa jarri zuten Agirrelandako polizia-etxean. Udaltzaingoak atxilotuaren etxea arakatu eta ikuskatu zuen asteartean, eta gaur, asteazkenean, geratuko da epailearen esku. Bitartean, ikerketa zabalik dago, biktima gehiago izan daitezkeelakoan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.